Arraun denboraldian arituko den taldea aurkeztu du Telmo Deunek

Juan Luis Romatet 2019ko martxoaren 26a

Emakumezkoen trainerua berriro uretaratuko du Zumaiako Arraun Elkarteak. Guztira, 120 arraunlarik jantziko dute Zumaiako kamiseta gorria denboraldi honetan.

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak klubaren kamiseta jantziko duen arraunlari taldea aurkeztu zuen pasa den ostiralean Paolbideko Villa Luz etxean. Aurreko urteetan traineru denboraldi hasieran egin izan ditu arraun elkarteak taldearen aurkezpenak; aurten, ordea, martxoa bukatzear dela egin dute, batel ligan maila ederra erakusten ari diren harrobiko arraunlariek ere zaletuen txaloak jaso ditzaten.

Maila guztiak kontuan hartuta, bateletatik traineruetara arte, 120 arraunlari arituko dira lanean Zumaiako arraun elkartearen izenean. Hiru traineru uretaratuko ditu aurten Telmo Deun arraun elkarteak: gizonezkoetan, seniorretan eta beteranoetan, ontzi bana, eta emakumezkoetan beste bat. Emakumeen taldea da aurtengo berrikuntza nagusia, 2015. urtetik Zumaiak ez duelako emakumezkoen trainerurik izan. Talde horri harrobian ari diren hamabi batelak gehitu behar zaizkio.

Harrobiko neska-mutilak aurkeztu zituzten lehendabizi, eta traineruetan arituko diren arraunlariak ondoren. Xabier Zulaika izango da aurten ere gizonezko talde nagusiaren entrenatzailea. Talde gaztea du esku artean eta, aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, aurreko denboraldian moduan, zortzigarren eta bederatzigarren postuen inguruan aritzea izango dute helburu. Telmo Deun trainerua KAE 1 ligan arituko da sasoi berrian.

Emakumeen trainerua
Emakumezkoen traineruaren itzulera da aurtengo berrikuntza nagusia. 22 arraunlari arituko dira Zumaiarekin denboraldi berrian; horietatik gehienak lehen urtekoak dira. Arraunlari talde horretatik hogei harrobikoak dira, eta bi besterik ez beste klubetatik etorritakoak. Kike Manterola izango da entrenatzailea. Lana ilusioarekin hartu duela nabarmendu zuen ekitaldian. Trainerua ETE ligan lehiatuko da itzulerako lehen denboraldi honetan.

Beteranoetan lehiatuko den trainerua ere izango du Telmo Deunek. Hauek ere lehian izango dira uda garaian egingo diren estropadetan.

Euskotren liga Zarautzen amaituko da
2019ko arraun denboraldiko Eusko Label eta Euskotren ligetako egutegia aurkeztu zuen TKEk larunbatean, Bermeon (Bizkaia) egindako batzarrean. Eskualdeko klub bakarra izango da liga hauetan, Orio, alegia.

Gizonezkoen Eusko Label Ligak inoiz baino estropada gehiago izango ditu; hogei, guztira. Ekainaren 22an hasiko da, Bilbon, eta Portugaleten (Bizkaia) amaituko da irailaren 15ean. Eusko Label Ligan lehian ariko diren traineruak hamabi dira: Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio, Santurtzi, Cabo, Donostiarra, Ondarroa, San Pedro, Kaiku, Lekeitio eta Astillero.

Euskotren Ligari dagokionez, hamalau estropada jokatuko dira. Liga Santanderren hasiko dute ekainaren 29an, eta Zarautzen bukatuko da abuztuaren 18an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide