"Aurtengo edizioa iazkoa baino gogorragoa izan da. Etapa bakoitzeko hasiera eta helmuga puntuak antzekoak izan dira, baina tarteko ibilbideak aldaketa batzuk izan ditu, eta horrek gogortu egin du. Pentsa, 76 kotxek proba utzi egin zuten", gogoratu du Jesus Mari Aranzabalek. Azkue Inmobiliaria-Aranza taldearekin, eta Ricardo Azkuerekin batera, Panda Raid proban parte
hartu du Aranzabalek.
Panda Raid lasterketa proba berezia da. Alde batetik, Seat eta Fiat Panda, eta Seat Marbella autoek bakarrik parte hartu dezaketelako. Beste aldetik, inolako konexio edo GPSrik gabe egin behar delako. Iparorratzarekin eta antolakuntzak emandako ibilbideko mapa batzuekin osatu behar da ibilbidea. "Denetariko jendea dago, eta irabaztera doazenak ere badaude. Horregatik, askok GPSa eta horrelako gauzak ematen dituzte", kontatu du.
Zumaiarrarentzat ez da esperientzia berria izan; iaz ere parte hartu zuen Mikel Zubiarekin. Aurten, berriz, Azkue izan du lagun. "Berarentzat ere gogorra izan da. Proba osoan berak gidatu zuen, eta oso nekatuta iritsi zen". Guztira, 4.800 kilometro egin zituzten Zumaiatik Marrakechera joan-etorrian.
410 kotxek hartu zuten parte aurtengo Panda Raiden; Azkuek eta Aranzabalek 96. postuan amaitu zuten. Bi isun garrantzitsu izan zituzten, eta horiek jaso gabe lehen 30etan sartzeko moduan ziren. "4.500 punturekin hasi genuen proba, eta 500 puntuko bi penalizazio izan genituen. Horietako bat jakinaren gainean egin genuen. Nahiago izan genuen ibilbidean beharrezkoa egin gabe lehenago iritsi helmugara. Autoa ez zebilen ondo eta garajera eraman nahi genuen, hurrengo egunerako ongi prestatzeko. Gure helburua ongi pasatzea izan da, sailkapen orokorrari begiratu gabe".
Frenorik gabe
1998koa den Fiat Panda batekin egin zuten lasterketa guztia. Iaz arazo handirik gabe amaitu zuten, eta horren sekretua kotxea ongi prestatzea dela aitortu du Aranzabalek. "Aurten ere ongi eraman dugu, baina arazo txiki batzuk izan genituen. Horiek, egia esan, gure erruagatik izan ziren", nabarmendu du. Iheshodia esaterako bi aldiz puskatu zitzaien; bietan kolpeagatik.
"Laugarren etapan frenorik Gabe gelditu ginen. Guztira, 180 kilometro egin genituen frenorik gabe. Horietatik 110 pistan, eta beste 70 errepidean; tentsio handiarekin ibili ginen, animaliak eta pertsonak atera daitezkeelako errepidera. Helmugara iritsitakoan, guk behar genuen piezarik ez zegoela konturatu ginen eta moldaketa bat egin behar izan nuen".
Bizitzen den esperientziaz haratago, hango paisaiaz gozatzea eta lagunak egitea dira probaren alde positiboak. "Lasterketak badu alde solidario bat, eta jendeak ahal duena ematen du. Bertakoek gustura jasotzen dituzte, eta bueltan jasotako esker ona izugarria da".