Sinatu dute Zumaiako Institutuan eraikin berria egiteko kontratua

Baleike 2019ko martxoaren 21a

Arkitektoek 30 egunen buruan aurkeztu beharko dute proiektua.188.500 euroko kostua izango dute lanek, guztira. Aterpe berri bat ere egingo dute Sagarbiden.

Joan den astean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Satie arkitektoen enpresak Zumaiako Institutuko eraikin berria egiteko kontratua. Lan horiek gauzatze proiektua, lan osagarriak eta zuzendaritza jasotzen dituzte, baita Sagarbideko frontoiaren estaldura eraikitzea ere. Proiektua 30 egunen buruan aurkeztu beharko dute arkitektoek, eta 90 egun izango dituzte exekuzio proiektua aurkezteko. Guztira, 188.500 euroko (gehi BEZ) kostua izango dute lan horiek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara zuzendutako eraikin berria udalak hezkuntzarako bideratuta duen lurzoruan eraikiko da, Aitzuri frontoiaren parean. Eraikin berriak 2.482 metro koadro eta 5 milioi euro inguruko kostua izango du. Guztira, 250 ikasle hartzeko aukera izango du. Eraikinak gainera, hainbat baliabide eta instalazio izango ditu. Besteak beste, hamar ikasgela, bi banaketa-gela, bi ikasgela Hezkuntza Premia Berezietarako, liburutegi-mediateka, teknologia tailerra, zientzia laborategia eta gimnasioa.

Obra nagusi horrez gainera, aterpe berri bat eraikiko dute Sagarbideko eremuan, hala, eskolak dituen beharrak ez ezik, herriarenak ere asetzeko. Eskolarentzako arnasgune bat izatea nahi dute askotariko jarduerak aurrera eraman ahal izateko, baina, horretaz gain, herriari zabaldu nahi diote eremua eskola orduetatik kanpo.

Era horretan, Sagarbideko gune berri honi esker, kiroldegian dagoen leku faltari erantzuna eman nahi dio udalak. Herriko ekitaldientzako ere zuzenduta egongo da estalpe berria, izan ere, herriko handiena izango da. Hain justu ere, 1.700 metro koadro izango ditu estalpe berri horrek.

Skateparkearen proiektuak lehen onespena jaso du
Zumaiako Skate parkearen exekuzio proiektuak hasierako onarpena jaso du dagoeneko. Udalak adierazi duenez, 2019ko martxoaren 1ean alkate dekretu bidez onartu zuten.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean joan den astean argitaratu zen iragarkiaren bitartez aipatu proiektua jendaurrean jarri zen, eta hamabost egunez, hilaren 27ra bitartean, egoki iritzitako erreklamazioak eta alegazioak aurkeztu daitezke udaletxean. Epe horretan inolako erreklamaziorik edo alegaziorik aurkezten ez bada, behin betiko izaeraz onartuko dute exekuzio proiektua.

Udaleko Hirigintza Sailean aztertu daiteke dokumentua. Saila udaletxeko lehen solairuan dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide