EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak, gaur Donostian egindako agerraldian. (EH Bildu)
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin du gaur EH Bilduk, Donostian. Dagoeneko jakina zen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia izango zela Gipuzkoako EH Bilduren hautagai nagusia datozen foru hauteskundeetan, baina gainerako zerrendakideak zeintzuk izango diren gaur jakinarazi dute. Haien artean dira Estitxu Elduaien azpeitiarra, Mirene Begiristain Getariako bizilaguna eta Jon Albizu zumaiarra.
Estitxu Elduaien, gaur egun Azpeitiko Udalean zinegotzia dena –ikasketaz, Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Turismoan graduatua da–, Deba-Urolako barrutian bigarrena da, Mikel Biain oñatiarraren atzetik. Mirene Begiristain Getariako bizilaguna Donostialdeko barrutian aurkeztu da; bigarrena da hura ere zerrendan. Ekonomian doktorea da Begiristain, eta egun, EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultatean irakaslea eta ikerlaria da. Jon Albizu ere Donostialdeko zerrendako kide da; bosgarrena da zerrendan, eta ikasketaz, Zientzia Politikoetan lizentziatua da.
"Gipuzkoar guztiak kontuan izango dituen aldundia" egin nahi dutela azaldu du Izagirrek gaurko agerraldian: "Lehenengo eta bigarren mailako gipuzkoarrik gabekoa, inbertsioak lurralde osoan orekatuko dituena eta ez denak toki berean". Horretarako, "talde anitza, orekatua eta sendoa" osatu dutela nabarmendu du, "gipuzkoarren gehiengoak dituen premia eta aspirazioei erantzungo dien taldea".