Altsasuko gazteen zigorraren aurkako manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Urola Kostatik

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 19a

Azkoititik, Azpeititik, Oriotik, Zumaiatik eta Zarauztik irtengo dira autobusak Altsasura. 'Hau ez da justizia' lelopean egingo dute manifestazioa, 12:00etan hasita. Autobuserako izen-emateak zabalik daude.

Altsasuko gazteen kontrako zigorra berrestearen aurkako manifestazioa izango da igandean Altsasun. Mobilizaziora joateko autobusak antolatu dituzte Urola Kostako zenbait herritatik. Hain zuzen, Azkoititik, Azpeititik, Oriotik, Zumaiatik eta Zarauztik irtengo dira autobusak Altsasura. Hau ez da justizia lelopean egingo dute manifestazioa, 12:00etan hasita.

Hona hemen autobusen inguruko informazioa, herriz herri:

  • Azkoitia: 10:30ean irtengo da autobusa Eroski txikiaren aurretik. Autobuserako izen-ematea Zakela tabernan egin behar da.
  • Azpeitia: 10:30ean irtengo da autobusa anbulatorio aurretik. Autobuserako izen-ematea Orkatz kultur elkartean egin behar da. 
  • Orio: 10:00etan irtengo da autobusa Orioko geltokitik. Autobuserako izen-ematea K2, Kolon Txiki eta Gabon tabernetan egin behar da. 
  • Zumaia: 10:00etan irtengo da autobusa hortz klinikaren aurretik. Autobuserako izen-ematea Inpernupe tabernan egin behar da
  • Zarautz: 10:30ean irtengo dira autobusak Eguzki taberna aurretik. Izen-ematea Eguzki eta Arrano tabernetan egin behar da.

Espainiako Auzitegi Nazionalak martxo hasieran berretsi zuen Altsasuko gazteen kontrako epaia. Apelazio aretoak Iñaki Abadi soilik murriztu dio espetxe zigorra –hamar urtetik sei urtera–. Gainerakoan, 2018ko ekaineko epaiak ezarritako 72 urteko zigorra berretsi du Auzitegi Nazionalak. Erabaki hori salatzeko deitu du igandeko manifestazioa Altsasuko Gurasoak plataformak. 

2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik epaitu zituzten Altsasuko gazteak, terrorismo delitua egotzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide