Korrika Kulturala, abiatzear

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 15a

Orion eta Zarautzen Korrikalean Eguna ospatuko dute gaur eta bihar, hurrenez hurren. Urola Erdian, berriz, Xoxotera mendi irteera eginez hasiko dira Korrikarako girotzen.

20. Korrika Azpeitian. (Uztarria)

Eskualdeko Korrika batzordeak ari dira apirilaren 12an iritsiko den euskararen aldeko lasterketa zein horren harira egingo duten Korrika Kulturala prestatzen, eta aurreneko ekitaldiak asteburu honetan bertan egingo dituzte. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrika batzordeek, esaterako, Xoxote mendira irteera antolatu dute iganderako, hiru herrietako mendi taldeekin elkarlanean. Orion eta Zarautzen, berriz, Korrikalean Eguna ospatuko dute gaur eta bihar, hurrenez hurren.

Jai giroan ospatuko dute Korrikalean Eguna bi herrietan, eta Orion hainbat ekintza egingo dute gaur arratsaldean. 18:00etan hasita, haurren txokoa eta Korrikako arropa saltzeko postua jarriko dituzte plazan. Horrez gain, Ikastolako ikasleen batukadak girotuko ditu kaleak.

Zarautzen, berriz, bihar goiz osorako antolatu dituzte ekintzak Zarauzko Sare Feministak, Arraio irratiak, Euskal Herrian Euskarazek eta Korrika Batzordeak. 10:00etatik 14:00etara bitartean, mural margoketa, musika emanaldia, haurrentzako txokoa eta Korrikaren arropa postua izango dira Lege Zaharren enparantzan, eta 13:00etan, Zarautz Abesbatzak emanaldia eskainiko du Musika plazan. Horretaz gain, trikitilariek goiz osoan zehar girotuko dituzte alde zaharreko kaleak.

Igandean, Xoxotera

Urola Erdian, bestalde, Xoxotera mendi irteera eginez hasiko dute Korrika Kulturala. Hiru herri, helmuga bat lelopean joango dira mendira igandean, eta asmoa da guztiak 11:00etan Xoxoteko aterpean elkartzea. Hain zuzen ere, herriz herri hainbat irteera ordu zehaztu dute horretarako. Azkoitian, bi hitzordu izango dituzte aukeran: mendira herritik abiatu nahi dutenentzako 09:00etan jarri dute irteera ordua, Balda Plazan; aldiz, Attolako aparkalekutik abiatu nahi duenak, 09:30ean agertu beharko du hara. Azpeitian, berriz, 09:30ean hasiko dute ibilaldia herriko plazatik, eta Zestoan 08:45ean elkartuko dira, Gurutzean. Handik Ondarbasora autoz joango dira, eta gero, oinez ekingo diote Xoxoterako bideari.

Irteeran parte hartzeko dagoeneko eman daiteke izena. Azkoitian, Zurt, Zakela eta Etxe-Aitz tabernetan eta hango AEK euskaltegian inskribatu daiteke; Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan, Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean; eta Zestoan, Portale, Koiote eta Fati tabernetan eta hango AEK euskaltegian. Izena ematen dutenek hiru euro ordaindu beharko dute, eta Xoxoteko aterpean hamaiketakoa egingo dute gero.

Asteburuko ekintzez gain, Azkoitian, Zarautzen zein Orion zehaztu dituzte Korrika Kulturalaren barruan datozen asteetan gauzatuko dituzten ekintzetako ­batzuk. Azkoitian, esaterako, Anaitasuna eta Deusto taldeen futbol partida ikusteko aukera izango da Txerloian, hilaren 23ko asteburuan (eguna zehazteke dute oraindik). 17:00etan hasiko da norgehiagoka, eta atsedenaldian Korrika Txikia egingo dute bertan. Hara joateko 7 eurotan jarri dute sarrera, baina Korrika laguntzaileek 5 eurotan sartu ahal izango dute futbol zelaira.

Euskara eta sexismoa

Bestalde, martxoaren 30ean egingo dute Azkoitiko Koreografia Lehiaketaren finala. Korrika batzordeak lehenengo aldiz antolatu du egitasmoa, eta Korrika iragartzeko abesti batekin egindako koreografia taularatuko dute finalera sailkatu diren bost taldeek. 18:00etan hasiko da finala, Elkargunean.

Hilaren 30ean jokatuko den Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako ere prestatu dute ekimenik; izan ere, Korrikako petoarekin azkarren helmugaratzen denak saria eskuratuko du. Hain zuzen ere, Azkoitiko Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako bazkaria irabaziko du korrikalariak.

Zarautzen, berriz, Euskara sexista eta ez sexista mahai ingurua antolatu dute martxoaren 27rako. Modelo aretoan izango da saioa, 19:00etan hasita, eta Amaia Alvarezek, Gurutze Bereziartuak eta Amagoia Gurrutxagak hartuko dute hitza.
Orion, bestalde, Olatz Salvadorren kontzertua antolatu dute martxoaren 28rako. Bakarlari donostiarrak Kultur Etxean eskainiko du emanaldia, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide