Aski ezaguna da Azpeitian eta inguruan Hiromi Yoshida japoniarra, izan ere, aspalditik urtean bitan etortzen da. Tokion ingeles filologia eta hizkuntzalaritza ikasten hasi zenean izan zuen euskara ezagutzeko aukera. "Ikasketekin batera, ezohiko hizkuntza bat ikasi nahi nuen; edozein hizkuntza, berdin zitzaidan zein. Japonian badago hizkuntza bitxi bat ainoera deitzen dena, baina nire inguruan dagoeneko bazeuden ikasle batzuk hizkuntza hori ikasten, beraz, beste bat ezagutu nahi nuen. Kasualitatez, irakasle batek proposatu zuen euskara ikasteko taldetxo bat sortzea. Euskal Herritik itzuli berria zen, euskara ikasita eta ez ahazteagatik klaseak eman nahi zituen. Bost lagun elkartu ginen", gogoratu du.
Unibertsitateko ikasketak amaituta, Tokioko institutu batean hasi zen lanean Yoshida. Bost urtez aritu zen lanean, eta euskara gehiago ikasteko asmoz Euskal Herrira etorri zen. Lazkaoko barnetegian hasi zen ikasten eta joan-etorriak eginez ibili zen hainbat urtetan. Tokion master bat hasi zen egiten eta euskara hartu zuen ikergai. Hala, Tokion bizi zen monja zestoar baten laguntzaz, Japoniara bizitzera joan zen azpeitiar bat ezagutu zuen. "Nire azterketa aurrera ateratzeko laguntza paregabea izan zen. Azpeitiko euskalkiari buruz egin nuen ikerketa", azaldu du.
Zumaiako euskalkia
Doktoretza egiten hasi zen garaian Azpeitira hasi zen etortzen, eta bertako euskalkia ongi dakiela esan daiteke. "Ez naiz, ordea, hitz egitera ausartzen". Euskalki horretaz haratago, beste batzuk ikertzea ere atsegin du Yoshidak. Horrela, Zestoako eta Zarauzko hizkerak aztertzen ibili da azken bizpahiru urteetan. «Duela urte batzuk Azkoitikoa ere hasi nintzen lantzen, baina oraindik asko falta zait». Urte honetan, berriz, Zumaiakoa hasi da ikertzen. "Pixkanaka-pixkanaka Urola Kostako euskalki guztiak ari naiz aztertzen", adierazi du.
Ikerketa lanerako Zumaiako bi emakume hartu ditu laguntzaile: gazte bat eta nagusiagoa den beste bat. "Belaunaldi ezberdinetako pertsonak hartu nahi nituen, euskalkiak izan dituen aldaketak edo ez ikusteko. Euskal Herrira etorri nintzen lehen alditik euskararen eboluzioa edo aldaketak nabaritu ditut; azkenean, belaunaldiz belaunaldi beti aldatzen da hizkuntza". Zumaiako euskalkia aztertzeko hainbat datu jaso ditu Yoshidak, baina oraindik beste asko falta zaizkiola dio: "Irailean, itzultzen naizenean, jarraituko dut ikerketarekin". Ondorioak ateratzeko goiz dela aipatu du, "Urola Kosta hain eremu txikia izanik euskalkien artean dauden ezberdintasunak handiak dira", nabarmendu du.