Zumaiako Emakumeon* Etxea elkartea aurkeztu zuten astearte arratsaldean, Alondegiko Oxford aretoan. Elkartea herrian Emakumeon* Etxea eraikitzeko sortu dute, eta bide horretan pausoak ematen hasi direla nabarmendu zuten egitasmoaren sustatzaileek.
Emakumearen Etxearen proiektua definitzeko bidean, dagoeneko bi saio ireki egin dituztela gogoratu zuten. Hain zuzen ere, saio horietan zehaztutakoa azaldu zuten astearteko aurkezpenean. Gizarte parekide baten topagune izateaz gain, emakumeen arteko sareak sortzeko eta ahalduntzeko espazioa izatea nahi dute.
Berdintasunaren inguruan informatu eta, zehazki, Zumaiako emakumeen desberdintasunak bistaratzeko baliatuko dute proiektua. Zentzu horretan, neurri zehatzak proposatzea dute helburu, hainbat arlotan: ekonomikoan, sozialean, kulturalean zein psikologikoan. Bestetik, ikuspegi feministatik gogoeta eta eztabaida piztea, partaidetza, ahalduntzea eta indarkeria matxistarik gabeko elkarbizitza sustatzea dira parte hartze prozesuan zehaztutako beste helburuetako batzuk.
Horri guztiari erantzuteko, programazioa antolatu eta zerbitzuak ere eskainiko ditu Emakumeon* Etxeak. Bestetik, espazio irekiak zein itxiak izango dituela iragarri dute, askotariko jarduerak egin ahal izateko. Besteak beste, tailerrak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, ikastaroak, eztabaidak eta hitzaldiak antolatzea aurreikusi dute.
Elkartea sortu dute dagoeneko, eta Zumaiako Udalbatzak ere onartu du. Proiektuak aurrera egin dezan, ordea, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela nabarmendu du proiektuaren ardura hartu duen lantaldeak. Horretarako, bazkide kanpaina abiatu dute, proiektua lagundu nahi duten emakumeek beren babesa eman dezaten. Alondegiko bigarren solairuan udalak elkarteari utzi dion bulegoan jaso daitezke eskuorriak, asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara. Posta elektronikoaren bidez ere eman daiteke izena, zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzita.
Bazkidetza kanpainan jarri dituzte indarrak, baina elkartea bestelako ekintzak antolatzen hasi da dagoeneko. Joan den igandean, esaterako, Lilatoirako autobusa jarri zuten. Larunbat honetarako, berriz, Zumaiako Udal Musika Bandak elkartearen aldeko A Symphony of Fables kontzertua emango du, eta elkarteko kideek proiektuaren berri emango dute.
Emakumeon* Etxearen aldeko kontzertua
Zumaiako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du larunbat honetan Alondegiko Oxford aretoan. Aurkeztu berri duten Emakumeon* Etxearen aldeko emanaldia izango da, eta 19:00etan hasiko da.
Bandak eman izan ditu herriko beste elkarte batzuen aldeko kontzertuak. Oraingo hau, baina, berezia izango dela iragarri du Joxe Mari Azkue Bandako zuzendariak. «Aurreko kontzertuetan elkarte horientzako dirua eskatu dugu. Larunbatean ez dugu dirurik eskatuko, beraien egitasmoa ezagutzera emateko aukera eskainiko diegu».
Emanaldiko programa prestatzerako orduan garbi zuen Azkuek emakumeek konposatutako obrak joko zituztela. Azkenean, konpositore bakarraren lanak joko dituzte, Julie Giroux kanadiarrarenak, hain zuzen ere. «Gaur egun bandentzako musika idazten duen emakumezko konpositore garrantzitsuena da», azpimarratu du Bandako zuzendariak.
A Symphony of Fables izena jarri diote larunbateko kontzertuari, eta hori izango da Bandak eskainiko duena, elezaharren sinfonia bat. «Bost mugimenduz osatuko da kontzertua, eta bakoitzean elezahar bat kontatzen du». Lehoia eta arratoia, Hammelingo flauta jotzailea, Untxia eta dortoka, Ahatetxo itsusia eta Hiru ahuntzak. Inazio Tolosa arituko da elezahar bakoitza aurkezten.