Gaur, martxoak 11, 41 urteko emakume bat hil da Zumaiako Mendiaraiz enpresan lanean ari zela. LAB sindikatuak azaldu duenez, lan ezbehar ez traumatikoa izan da. Bere lanpostuan zegoela osasun arazoak izan ditu langileak. Sindikatu arduradunaren arabera, bihotzeko bat izan du. Behargina anbulantzian eraman dute erietxera, eta 13:00ak aldera zendu da. LABek gogorarazi duenez, istripu ez traumatikoak dira lan heriotza gehien eragiten dituztenak; hau da, iktusak eta bihotzekoak.
Urtea hasi denetik bederatzi behargin hil dira Euskal Herrian, eta sindikatuak adierazi duenez, horietatik lau istripu ez traumatikoak izan dira. "Azken urteetan ikaragarri igo da istripu ez traumatikoen eraginez hildako beharginen kopurua". LABek azaldu duenez, lan istripu guztien atzean lan baldintza "txarrak" daude: "Presioak, gehiegizko lan erritmoa, lan karga handiak... Horiek langileak gaixotzea eragiten dute, baita hiltzea ere".
LABek lan baldintza duinak aldarrikatu ditu, eta gogorarazi du beharginek lanera onik joateko eta handik onik itzultzeko eskubidea dutela. Sindikatuak hildako emakumearen familiakoei eta gertukoei doluminak adierazi dizkie. Bere lankideek omenaldi xume bat eskainiko diote bihar bere lanpostuan, goizeko 10:00etan. Kanpora begira ekitaldirik ez dutela egingo adierazi dute LAB sindikatutik.