Zumaiako Mugimendu Feministak 12:00etarako egindako deiari erantzunez, ehunka lagun bildu dira Zubitxikian, Zumaiako erdiguneko sarbideetako batean. Adin guztietako emakumeak bertaratu dira, eta gizonezko batzuek ere bat egin dute deialdiarekin.
Zaratatsua izan da ekitaldia: kazolak eskuetan zituztela bertaratu dira batzuk, eta txilibituak ahoan beste batzuk; horrela, aldarri feministaren soinuak hartu du Zubitxikia. Guztiek zeramatzaten, gainera, more koloreko zapiak, lepoan edo gerrian. Une batean, herritarrak Zubitxikian eseri dira, gune hori trafikoari itxiz. Zapiak astindu dituzte, baita borroka feministaren alde ohiu egin ere. Hala egon dira minutu batzuez, eta txalo zaparrada batekin agurtu dute ekintza.
Arratsaldean ere jarraituko du grebak Zumaian. Bazkalondoren, tailerrak egingo dituzte Beheko plazan. 19:00etan, berriz, manifestazioa egingo dute, Saregileen plazatik abiatuta; Beheko Plazan amaituko da ekitaldia, eta, 20:00etatik aurrera, ikuskizun bat egingo dute bertan.
Hona hemen goiz partean Zumaian hartutako irudiak:
(Argazkiak: Arnaitz Rubio)
[flickr_set id="72157705837785811"]