Harilkadaz harilkada ehunduz doa Martxoaren 8a. Eskualdeko herri eta auzoetan eragile, instituzio zein norbanakoek greba feministari atxikimendua adierazteko keinuak iragarri dituzte, ahaztu gabe egun osoko egitarauak prestatu dituztela herriz herri emakumez osatutako asanbladek, borroka feministaren aldarriak kalera ateratzeko.
Hain justu, Zumaiako Mugimendu Feministak herenegun eman zuen prestatutako egitarauaren berri, sare sozialetan ondoko mezua zabalduz: "Utzi etxeko eta zaintza-lanak zein soldatapekoak; hustu ditzagun lantoki, hezigune eta etxeak; jantzi zapi morea eta eskegi amantalak balkoietatik; oroitu kontsumo greba ere badela; eta hartu ditzagun kaleak! Martxoaren 8an, berriz ere, historia egingo dugu!"
"Historia" egiteko asmoarekin, beraz, solasaldiak, tailerrak zein mobilizazio zaratatsuak egingo dituzte bihar Zumaian. Horrez gain, Zumaiako Udalak martxoa osorako hainbat ekitaldi antolatu du, Hilabete Morea osatuz.
Zumaiako emakume pentsiodunen talde batek ere greba feministarekin bat egiten duela adierazteko elkartasun argazkia atera du. "Izan ere, greba feministaren ardatza zaintza esparruak izanik, badugu zer aldarrikatua hainbeste urtean kotizatu gabe lanean jardun dugun emakumeok", adierazi dute.
Beren esperientzia mahai gainean jarriz, gogorarazi dute emakumeek asko borrokatu behar izan dutela lan merkatuan sartu ahal izateko, "behingoz pentsio baterako eskubidea lortzeko". Pentsio propioa, ordea, "soldatapeko lanaren emaitza da soilik. Ez ditu bestelako egoera zein errealitateak kontuan hartzen. Horrela, emakumeon pentsioak askoz txikiagoak dira, gehienetan. Gutxiago kotizatu dugu, soldata txikiagoak zirelako. Zaintza ardurak lan merkatutik ateratzera behartu gaituelako, edo lanaldi murrizketak eta kontratu partzialak eskatu behar izan ditugulako, baita ezkutuko merkatuan lan egiteko beste aukerarik ez dugulako izan", esan dute.
Lau puntutan jaso ditu Zumaiako emakume pentsiodunen taldeak bere eskakizunak. Batetik, pentsio duinak eskatzen ditu soldatapean nahiz doan lan egin duten emakume guztientzat. Zaintza lanak ardura soziala direla aitortzea beharrezkotzat jotzen dute. Politika publikoak martxan jartzea eskatzen dute, bizitza sostengatzeko behar diren zaintza lanetarako. Azkenik, gizonezkoei dagokionez, ordaindu gabeko lanetan ere ardurak har ditzatela esaktu diete.
Instituzioen keinuak
Eskualdeko udaletako ordezkariek ere bat egin dute greba feministarekin, bakoitzak bere erara. Zestoan, grebarekin bat eginez, udal bulegoak itxita egongo dira bihar. Zarautzen, Gu ere Martxoak 8 leloa daramaten banderola moreak doan eskuratu daitezke Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan, asteartetik. Ikastetxeak eta udaletxea ere lelo bera daramaten pankartekin apaindu dituzte.
Instituzioez gain, hainbat elkarte eta eragilek ere bat egin dute biharko borrokarekin. Azpeitiko Elkar-ekin elkarteak, esaterako, kontsumo grebarako deialdia kontuan hartuz, itxi egingo du Soreasuko Elkargunea. Hala,bertan izan ohi den bigarren eskuko produktuen eta xaboi biodegradagarriaren salerosketarik ez da izango. Horrekin batera, Azpeitiko mugimendu feministak biharko antolatu dituen ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Hitzez baserrietako emakumeen elkartekoek, berriz, elkarrekin igaroko dute Martxoaren 8a. Orioko tren geltoki azpian hartuko dute autobusa 09:00etan, eta Arroan, Mutrikun eta Markinan egingo dituzte geldialdiak. Bizkaiko txoko ezberdinak bisitatuko dituzte egun osoan zehar: Lurdeia landetxea, Santimamiñeko erreplika edo Omako basoa, besteak beste. Irteerarako izena eman nahi duenak 639 87 96 11 telefono zenbakira deituta egin dezake.
Asanbladen fruituak
Asteak igaro dituzte Urola Kosta osoko ehunka emakumek asanbladetan biltzen, greba feministaren aurrelanketan, edukiaren zentzua lantzen eta zereginak banatzen. Herriz herriko egitaraua osatzeaz gain, bestelako saretze lanetan ere jardun dute. Zarautzen, esaterako, girotze-funtzioa betetze aldera, hainbat kuña plazaratu ditu mugimendu feministak aurreko asteetan, emakumeek pairatzen dituzten zapalkuntza desberdinak salatuz. Aste honetan, Urtz tadearen Ez gaitu inork geldituko abesti ezagunari letra aldatu eta zaintza lanen inguruko abestia sortu dute.
HITZAk ere greba
Urola Kostako Hitzako langileek ere, borroka feministarekin bat eginik, greba egingo dute Martxoaren 8an. Horregatik, bihar ez da egunkaririk argitaratuko, baina greba feministak ikusgarritasuna izan dezan, herrietako ekitaldien eta mobilizazioen berri emango dute zenbait kazetarik urolakostakohitza.eus eta zarauzkohitza.eus webguneetan; soilik greba feministaren berri.
Hedabide honetan ez da bideragarria emakumerik gabe egunkaririk ateratzea. Izan ere, ia kazetari guztiak, diseinatzailea eta banatzaile gehienak emakumezkoak dira. Hori dela eta, aurreko urtean hartutako erabakiaren ildo beretik, Martxoaren 8ko ekitaldiek izango dute garrantzi guztia HITZAren webguneetan.