Geoparkeak Unescoren sarean jarraituko du

Baleike 2019ko martxoaren 7a

Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez, 2022. urtera arte, UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio. Kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa, Green Card edo Txartel Berdearekin; ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu dute adituek.

Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen bigarren aldia da, eta ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzailearen arabera, «proiektu sendoa eta garrantzitsua dugula agerian jartzen du aitorpen honek, eta UNESCOren balioak betetzen ditugula». Albistea «poz handiz» jaso dute Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek, Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek.

Leire Barriuso ere «oso pozik» agertu da bigarren txartel berdea eskuratuta. «Aitorpen honek hauspoa ematen digu eta lanean jarraituko dugu gure ondare naturala eta kulturala zaintzeko eta sustatzeko», adierazi du.

Halaber, Barriusok albistea ospatzeko nahia agertu du «era batera edo bestera Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren lagun guztiei helarazi nahi genieke gure esker ona, erakundeei, gizarte, ekonomia eta hezkuntza-arloko eragileei eta, noski, Geoparkeko herritarrei, izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da».

Lan oso positiboa
UNESCOko adituen azterketa 2018ko uztailaren 10etik 12ra bitartean egin zen. Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendari Mike Sweeney eta Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendariorde Marekazu Ohno izan ziren Geoparkean eta bere azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zuten bi ebaluatzaileak.

Orduan, UNESCOko bi ebaluatzaileek «oso positibotzat» jo zuten Geoparkea egiten ari den lana bertako ondare geologikoaren zabalkundea eta kontserbazioa sustatzeko, bertako kulturari eta historiari lotuta, baita erakunde ezberdinen eta eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetza estua ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide