Kolorez eta mozorroz jantziko dira kaleak

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 1a

Mozorro festak gaur hasiko dira herri gehienetan. Zumaian flamenko doinuak kaleratuko dituzte gaur, eta Zarautzen Abba taldearenak bihar .Azpeitian Jai Karnabal eguerdian lehertuko da jai giroa.

Urola Kostako ikastetxeetan gaur ospatuko dituzte Inauteriak, eskolaz eskola mozorro festak eta jaiak egingo dituzte edota kalejiran aterako dira kalera. Beraz, gaur protagonista haur eta gazte mozorrotuak izango dira.

Gainontzean, Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian bihar ospatuko dituzte herri giroan mozorro festa eta lehiaketak. Azpeitian, berriz, bihar hainbat ekitaldi izango da, baina igandetik asteartera ospatuko dituzte karnabalak, bete-betean.

Flamenko doinuak kalera

Zumaian Txori Txiki musika eta dantza eskolak Martxoko Periyak ekitaldia egingo du gaur, 18:30etik aurrera. Flamenkoa aukeratu du aurtengo inauterietako gai nagusitzat, eta Andaluzian egiten den eran, feriako giroa taularatuko dute Beheko plazan egingo duten emanaldian. Ubillos jauregitik kalejiran irtengo dute, eta lehenengo geldialdia San Juan iturrian egingo dute. Handik Erribera kalera joango dira, Beheko plazan emanaldia egiteko, Esti Curiel eta Inazio Tolosa aktoreek parte hartuz. "Inauteriek musika estilo ezberdinak lantzeko aukera ematen digute. Aurten 1940. urtetik aurrerako flamenkoko abestiak, artistak eta doinuak ikasi ditugu. Instrumentu ezberdinen ezagutza ere handitzen ari gara, baita flamenkoak duen kultura nahasketa ere", azaldu zuen ekitaldiaren aurkezpenean Sofia Oria Zumaiako musika eskolako irakasleak. Gaur arratsaldera arte emanaldia sekretupean izan nahi dute musika eskolako kideek, baina Oriak aurrerapen txiki bat eman zuen aurkezpenean: "Flamenkoaz gain, bi kulturen arteko fusioa ere ikusteko aukera egongo da. Horretarako, Alain Maya gure dantza irakaslearen eta Juncal Martinen artean zerbait berezia prestatu dute". Parte hartzaileak flamenko dantzak ikasten Juncal Martin flamenkoko irakaslearekin aritu dira. Horrez gain, gaurko ekitaldia antolatzeko jantzi tailerrak eta kalejirako entseguak ere egin dituzte parte hartzaileek.

Martxoko Periya iragartzen duen kartel nagusia, pegatinak eta eskolan landu dituzten fitxak Ander Hormazuri artistak egin ditu.
Zumaian, bihar egingo dituzte haur, gazte eta helduentzako mozorro lehiaketak.

Zarautzen, Abba

Zarautzen ere egitarau zabala izango dute inauterietarako, udalak antolatuta. Asteburu honetan, Marisa Merino dantza eskolakoek zuzendutako konpartsa izango da protagonista. Hirugarren urtez aterako da konpartsa kalera eta aurtengo gaia Abba izango du. Suediako taldearen erritmoak jarraituz, 200 zarauztar ibiliko dira bihar, 17:00etik aurrera, Alde Zaharreko kaleetan: 175 emakume eta 25 gizon.

Konpartsaz gain, beste hainbat ekitaldi ere prestatu du Zarauzko Udalak inauterietako. Esaterako, Xabier Txurruka alkateak aurreratu duenez, sorpresa bat izango da biharko txupinazoan (12:00etan, Modelo aretoan), TTAK teatro konpainiaren eskutik.

Getaria, hainbat lehiaketa

Getarian gaur eta bihar ospatuko dituzte inauterietako ekitaldiak. Gaur, 14:30etik aurrera, Inauteri festa egingo dut Iturzaeta herri eskolan eta kiroldegian. Besteak beste, mozorro desfilea, jolasak eta txokolatada izango dituzte.

Bihar, berriz, Inauteri Festa izango dute herrian eta inauterietako kartel lehiaketako erakusketa zabalduko dute. Bihar arratsaldean, mozorroen desfilearen ondoren honako sariak banatuko dituzte Getariako plazan: mozorro onenen sariak, kartel eta erakusleihoen lehiaketetakoak eta 2019ko Karnabaleruena Saria.

Azpeitian, hiru egun bete

Azpeitian, ohi bezala, ekitaldi ugari antolatu dute eragileek eta udalak Karnabal jaietarako. Egitarauaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Mikel Ibarzabal eta Ainhoa Beristain zinegotziek, Amaia Aranaga Itsasi dantza taldeko kideak, Jagoba Labaka Zezen Beltz elkarteko ordezkariak, Joxe Mari Zelaia artzain-inudeekin ateratzen den danbor taldearen zuzendariak, Unai Frantsesena Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendariak eta Belen Zendoia herriko hamar erakusleihotan ikusgai dauden mozorroen egileak.

Gaur, euskal inauterien jaialdia eskainiko dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek. 18:30ean Olazko Andre Mariaren plazan hasiko dute saioa, eta kalez kale ibili ostean, 19:30ean, plazan hainbat dantza egingo dute ikasleek.

Jai Karnabalaren bezperarako ere hainbat egitasmo antolatu du udalak; txu-txu trena ibiliko da goiz eta arratsaldez eta haurrentzako parkea ere izango da plazan, 16:00etatik 20:00etara.

Karnabalak, berriz, igandean lehertuko dira Azpeitian, Elegante Egunarekin murgilduko baitira azpeitiarrak hiru eguneko festetan. Ohiko moduan, artzain-inudeen kalejira izango da eguerdi partean, eta horiekin batera aterako dira danbor taldea eta sansebastianetako umeen karroza. Itsasiren lokaletik aterako da artzain-inudeen konpartsa etzi, eta San Martin egoitzan Zortzikoa egin ostean, plazara joango dira dantzariak. Gainerakoan, musika ekitaldiak eta zezena izango dira Jai Karnabaleko protagonista nagusiak. Izan ere, Incansables eta Gau-Erdi txarangak eta Rock Kalean elektrotxaranga ibiliko dira Alde Zaharreko kaleak girotzen.

Igandea igaro eta indarrak gordeta dituztenek, astelehen goizean goizetik izango dute festarako aukera. Goizean, haurrentzako sokako zezena, zezen txikiak eta poniak izango dira, eta ondoren, haurren mozorro desfilea egingo dute.

Gauean, Ilargi Beltza taldearen dantzaldia izango da plazan, eta Big Dancers Cadizko panpina erraldoiak, Los Pasai txaranga eta Kolpez Blai perkusio taldea ibiliko dira Alde Zaharrean barrena. Mozorro lehiaketako sari banaketa, berriz, 01:30ean egingo dute udaletxean. Aurten ere hainbat sari banatuko du udalak: banakako hiru –200 eurokoa lehenarentzat, 150 eurokoa  bigarrenarentzat eta bi lagunentzat afaria hirugarrenarentzat–, taldekako lau –800 euroko saria lehenarentzat, 700 eurokoa bigarrenarentzat, 500 eurokoa hirugarrenarentzat eta afaria laugarrenarentzat– eta inauteri giro onena duen tabernaren saria –lau lagunentzat afaria–.

Karnabal festetako berrikuntza nagusienak haurrei zuzendutako ekitaldiak dira. Izan ere, Astelehen Karnabal arratsalderako DJ festa eta txokolatada prestatu ditu udalak aurten lehen aldiz. Azoka Plazan izango dira, eta nahi duten haur guztiek izango dute bertaratzeko aukera. Bestalde, astearte arratsaldean, umeei eta gaztetxoei zuzendutako Txiki Chef tailerra izango da Azoka Plazan. Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak azaldu duenez, zortzi bat begiralek eskainiko dute tailerra, eta bertaratzen diren haurrek taloak, txokolatea nahiz piruletak prestatzeko aukera izango dute bertan.

EGITARAUAK HERRIZ HERRI

AIA

Gaur, ostirala.
- 15:00. Lardizabal Eskolako haurrak kalejiran aterako dira.
- 15:00. Mundu bat mila kolore ikuskizuna, pilotalekuan.
- Ondoren, txokolate jana, Aiako Guraso Elkartearen eskutik.

AIZARNAZABAL
Gaur, ostirala.
- Arratsaldean, Euskal Inauteriak gai hartuta, festa egingo dute Basakaitz herri eskolakoek.
- Ondoren, Musika Eskolakoek kalejira egingo dute.
- 18:00. Alaitsu dantza taldekoen emanaldia izango da.
- 22:00. Gaztetxean, DJ jaia.

AZKOITIA
Gaur, ostirala.
- 16:00. Ikastetxeetako umeen kalejira.
- 17:00. Umeentzako merienda, plazan.
- 17:00. Umeentzako dantzaldia Oihan Vegarekin, plazan.
- 21:30-23:30era. 12 eta 17 urte bitarteko gazteen mozorro lehiaketa eta Disko Festa DJ Xabi Festekin, Elkargunean.
Bihar, larunbata.
- 12:00. Txalkor txistulari taldea.
- 13:00. Udal Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako banda txikiaren kalejira.
- 16:30. Zumba Testaren kalejira eta ondoren, herriko plazan, zumba emanaldia.
- 18:00. Haurrentzat berbena Kantu Kolorerekin, plazan.
- 19:30-20:30. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, plazan.
- 22:30. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, plazan.­
- 00:00. Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa, plazan.

AZPEITIA
Gaur, ostirala.
- 18:30. Euskal inauterien jaialdia, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren eskutik. Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuko dira, eta plazan bukatuko dute saioa.
Bihar, larunbata.
- 12:00-14:00 eta 16:00-19:30. Txu-txu trena. Plazatik abiatuko da eta herrian zehar ibiliko da.
- 16:30-20:00. Haur parkea, plazan.
- 16:30. Dragoi bola: Broly filma, Soreasu antzokian.
- 19:00. Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketako, Harrijasotzaileen Bi Harri Txapelketako eta Emakume Aizkolarien Txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 19:30. El rey filma, Soreasun.
Martxoak 3, igandea. Jai Karnabala.
- 09:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
- 11:30. Udal Musika Banda eta Eltziegoko gaiteroak.
- 11:30. Incansables txaranga.
- 12:00. XXXX. Sokamuturra Argazki Lehiaketa eta Imanol Elias saria.
- 12:00-12:30. Sokamuturra, plazan. Lopene ganadutegia.
- 12:30. Artzain-inudeen kalejira, Itsasiren egoitzatik abiatuta. Danbor taldea, Eltziegoko gaiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak. Gainera, sansebastianetako umeen karroza aterako dute kalera.
- 12:30. Incansables txaranga.
- 16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.
- 16:30-20:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. Lopene ganadutegia.
- 19:00-23:00. Rock kalean elektrotxarangaren emanaldia.
- 19:30-23:30. Gau-Erdi txaranga.
Martxoak 4, astelehena.
- 11:00-12:30. Umeentzako sokako zezena, Erdikalean. Arno ganadutegia.
- Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan. Arno ganadutegia.
- 12:30. Mozorro desfilea, erraldoi eta buruhandiekin.
- Gero, Kantu Kolore taldearen emanaldia, plazako kioskoan.
- 16:00. DJ festa eta txokolatada, Azoka Plazan.
- 16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.
- 16:30-20:00. Sokamuturra, Erdikalean hasita. Lopene ganadutegia.
- 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
- 19:30. Urolatarrak txaranga.
- 20:00. Txotxa, Gaztetxean. Bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du. Ondoren, jendearen gogoaren arabera, jolasak, karaokea...
- 23:30-02:30. Ilargi Beltza taldearen dantzaldia, plazan.
- 00:00. Big Dancers panpin erraldoien ikuskizuna, Pasai txarangaren emanaldia eta Kolpez Blai perkusio taldearen emanaldia, kalez kale.
- 00:30. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
- 00:30. Helduen mozorro lehiaketa.
- 01:30. Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa, udaletxean.
- 02:00. Los Pasai txarangaren kalejira.
Martxoak 5, asteartea.
- 06:15. Udal Musika Banda.
- 06:45. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.
- 07:00- 09:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. Bergarako Zezenak ganadutegia.
- 12:00. Banda gaztea.
- 16:00. Txiki chef tailerrak, Azoka Plazan.
- 16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.
- 16:30- 20:00. Sokamuturra. Arno ganadutegia.
- 18:30. Irulitxa txaranga.
- 20:00. Suzko zezena, plazan. Irulitxa txaranga.

ERREZIL
Gaur, ostirala.
- 15:00. San Martin herri eskolan Altxorraren Bila jolasa egingo dute ikasleek mozorrotuta. Gero, festa, eskolako atarian.

GETARIA
Bihar, larunbata.
- 10:30etik aurrera, erakusleiho onenak aukeratuko ditu
epaimahaiak. Sari banaketa arratsaldeko mozorroen
desfilearen ondoren izango da.
- 12:00. Mozorro-poteo alaia, Sugarri txarangarekin.
- 16:30etik aurrera, mozorro desfilerako izena ematea, plazan.
- 18:00. Mozorrotutakoen desfilea, plazan. Mozorro onenak sarituko dira.
- Jarraian, Sugarri txaranga.
- Bitartean, Gure Txeru dantza taldekoak ibiliko dira kalez kale Altsasuko Momorrotxoak antzeztuz.

ORIO
Bihar, larunbata.
- 12:00. Musika eskolako trikitilariak kalez kale.
- 14:00. Herri-bazkaria, pilotalekuan. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira Kultur Etxean. Helduen menua 18 euro da eta umeena 12 euro.
- 17:00. Inauteriko kalejira Burrunba elektrotxarangarekin, Bikamiotatik aterata (euria eginez gero, festaplazan egingo da).
- 19:30. DJa, Herriko Plazan.

ZARAUTZ
Gaur, ostirala.
- 16:30-20:00. Haurrentzako parkea, puzgarriekin, Lege Zaharren enparantzan (euria egiten badu, Zinema pilotalekuan).
Bihar, martxoak 2.
- 12:00. Txupinazoa, Modelo aretoko balkoitik. Ondoren, Kalean txaranga eta kalejira.
- 17:30. Abbaren konpartsa.
- 18:00. DJak eta mozorro lehiaketa 12 eta 18 urte artekoentzat, Zinema pilotalekuan. Gaia: Alizia lurralde miresgarrian.
- 19:00. Drindots taldea Musika Plazan eta Zurekin Ostalarien Elkartearen mozorro lehiaketa. Lehiaketan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Turismo Bulegoan eta egunean bertan Txiki Polit tabernan.
- 19:30. Kuadrillen arteko mozorroen sari banaketa, Musika plazan.
- 20:30. Udaberri elkartearen mozorro dantza, Musika Plazan
- 21:30-23:00. DJ Javi, DJ Davila eta Oihan Vega DJak, Zinema pilotalekuan.
- 23:00-01:00. Oihan Vega, Zinema pilotalekuan.
- 23:00. Drindots taldearekin dantzaldia, Musika plazan.
Martxoak 3, igandea.
- 11:00. Santa Anako konpartsa kaleetan zehar.
- 12:00. Kalejira erraldoi, buruhandi eta Mauxitxa txarangarekin.
- 17:00. Kiki, Koko eta Moko
pailazoen emanaldia, Musika plazan. Gero, merienda.
- 18:00. Ludotxo ludotekan,
mozorro lehiaketa 9-12 urte
bitarteko haurrentzat.
- 18:15. Gau Argi berbena haurrentzat, Musika Plazan.
Martxoak 6, asteazkena.
- 11:00. Santa Anako kideen
eskutik, sardinaren ehorzketa, Alde Zaharreko kaleetan.

ZESTOA
Bihar, larunbata.
- 17:30. Desfilerako izen ematea.
- 18:00. Umeen mozorro desfilea eta photocalla, udaletxeko arkupeetan.
- 20:00. Imanol DJa, arkupeetan.
- 23:00. Imanol DJa, arkupeetan.
Martxoak 5, asteartea.
- 16.30. Txokolatada, Gure Txokoa elkartearen inguruan, Ekain guraso elkarteak antolatuta.
- Gero, musika ikuskizuna, arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta.

ZUMAIA
Gaur, ostirala.
- Arratsaldean, herriko ikastetxeetako haurren inauteri festa.
- 17:00. Ludotekako haurrentzat inauteri festa, Ludotekan.
- 18:30. Ubillosen hasita, Txori Txiki dantza eta musika eskola eta ZUMBen inauteritako kalejira: Martxoko Periya. Ondoren emanaldia Beheko plazan.
Bihar, larunbata.
- 12:00. Zumai txaranga.
- 12:30. Astindu dantza elkartearen dantza kalejira.
- 17:00. Eusebio Gurrutxaga plazan inauterietako mozorro festa. Txokolatea banatuko da.
- 18:00. Beheko plazan, haurren mozorro lehiaketa. Hiru sari: banako edo bikote onena, taldeka 0-8 urte eta taldeka 9-16 urte. Lehiaketarako izena 17:00etan plazan eman behar da.
- 18:30. Herriko kaleetan zehar, kalejira Zumai txarangarekin.
- 18:30-21:00. Oxford aretoan, Argazki Txokoa. Argazki Txokoan herritarren sariak banatuko dituzte: banakakoa edo bikotea 80 euro eta taldea 200 euro, Gertu elkartearen eskutik.
- 19:30-20:30. Girotu kalea zuen mozorroekin! Epaileak herrigunean ibiliko dira mozorroak
aukeratzen. Banatuko dituzten sariak honakoak dira: banakakoa edo bikotea 80 euro eta
taldea 200 euro.
- 22:30-01:30. Kofradian, disko festa mozorrotua.
Martxoak 4, astelehena.
- 15:00 eta 17:30. Zumaienako aretoan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Musua ikuskizuna.
- 18:00. Ludotekan, LH 4-6 bitarteko haurrentzat inauteri festa (irekia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide