Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,75 milioi euro inbertituko ditu San Juan egoitza eraberritzeko. Horrekin batera, adinekoen egoitzaren alboan dagoen etxea eraitsiko dute, eta horren lekuan beste eraikin bat egingo dute. Gune berri horretan beste sei plaza sortuko dituzte. Hala iragarri zuen atzo Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Zumaiara egindako bisitan. Lan hauen baitan, egoitza indarrean dagoen araudira egokituko dutela iragarri zuen. Horrez gain, zentroko planta bakoitzean espazio eta gune berriak sortuko dituzte, sei plaza berri egokituko dituzte aurrez aipatutako
eraikin berrian, eta zentroak sarrera bakarra eta berritua izateko lanak ere egingo dituzte.
Obren lizitazioa eta exekuzioa 2019 eta 2020 urteen artean egitea aurreikusten dute. Lanak datorren urteko lehen seihilekoan amaituta egotea espero dute. Peñak adierazi zuen, aldundiak 182.000 euroko diru laguntza emango diola Zumaiako Udalari Gurrutxaga plaza eta egoitza lotuko dituen igogailuaren lanetarako.