Herriz herri, ari dira motorrak berotzen greba feministarako

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 28a

Hilabeteetako lanketaren ondoren, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira mugimendu feministak hainbat eta hainbat ekintza prestatu ditu Urola Kostako herrietan.

Aurreko urteko grebako une bat, Zumaian.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilean aurkeztu zuen aurtengo Martxoaren 8aren inguruan landutako planteamendua, Gasteizko Udaltzaingoak lehengo astean desalojatutako Talka espazio okupatuan. Bertan, Euskal Herriko emakumeak grebara deitzeaz gain, greba feminista nola ulertzen duten, aurtengo aldarrikapenak zeintzuk izango diren, grebaren subjektua zein izango den, eta "zerren aurrean planto" egingo duten azaldu zuten, besteak beste.

Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean, greba "bizitzako esparru guztietan" kokatzea dute asmoa, bost ardatzen baitan: ikasketak, enplegua, kontsumoa, zaintza eta pentsioak, aurrenekoz. "Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da: soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean", azaldu dute.

Greba feministaren bidez, "bizitza sostengurako ardura kolektiboa" aldarrikatuko dute. "Martxoaren 8ko greban, zaintzen gatazka azaleratu nahi dugu, bereziki, gure diskurtso eta ekintzetan". Beraz, "zaintzaren gatazkak" berebiziko garrantzia izango du aurten.

"Feminismoa ez da erosoa, praktika politiko erradikala da. Ondorioz, gatazka beharrezkoa da, bereziki, gatazka politikotik kanpo kokatu diren eremuetan", gehitu dute mugimendu feministakoek. Beraz, martxoaren 8rako "lan guztiak uztera eta kaleak hartzera" dei egin du: "Hetero-patriarkatu-kolonial-kapitalistak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako".


Urola Kostan ere prest


Urola Kostako Koordinadora Feministak dagoeneko argitaratu du greba egunerako antolatutako ekitaldi sorta. Herri bakoitzeko emakumeek beren kabuz antolatu dituzte ekintza gehienak, baina tartean-tartean, Urola Kostako herrietako ordezkariak bildu eta saretze lanetan ere aritu dira. Indarren batze hori islatuta agertzen da egun hauetarako prestatu duten ekintza sortan. Izan ere, zenbait herritan greba eguna baino lehen eta ondoren ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Mugimendu feministaz gain, herrietako udalek eta ikastetxeek ere parte hartuko dute Martxoak 8ko ekintzetan.


Zarautzen, esaterako, bihar, ostirala, arratsalde osoan zehar izango dira egitasmoak, Kalea hartzera goaz! lelo hartuta. 17:30ean asanblada irekia egingo dute Lege Zaharren enparantzan; 18:00etan, grebaren antolaketari helduko diote eta 19:15ean, greba egunerako prestatu duten dantzaren entsegu orokorra izango da. Horrez gain, hainbat dokumental emanaldi antolatu ditu Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak, eta ikastetxeek, udalarekin batera, martxoaren 7an egingo dute ekitaldia, "emakumeen borrokarekin bat eginez, greba feminista ez oztopatzeko".
Zestoan, Bargazak talde feminista aurkeztuko dute bihar, eta pote-jolasa egingo dute segidan. Datozen egunei begira, egitarau zabala antolatu dute bai Zestoan, baita Arroabean ere.


Aiako Lardizabal eskolakoek jakinarazi dutenez, grebaren inguruan hartu beharreko erabakiak datorren astean hartuko dituzte, beraz, orduan emango dute Martxoaren 8rako antolatutakoaren berri. Getarian, berriz, Martxoaren 8ko aldarrikapenak herrira ekarriz, saregileen inguruko solasaldia egingo dute martxoaren 6an, Gurutze Izagirrek gidatuta.


Zumaiako Udalak ere egitarau zabala argitaratu du, Martxoa, Hilabete Morea izenpean. Datorren asteartetik hasi eta hilabete osoan zehar ez da zereginik faltako, feminismoaren inguruko hitzaldi, antzezlan eta ikus-entzunezko emanaldiak izango baitira. Zumaiako Mugimendu Feministak, aldiz, lantokiak, heziguneak eta etxeak hustu, eta goizean goizetik kaleak hartzeko deia egin du.

Goizeko 9:00etarako Beheko Plazan elkartzeko deia egin dute. Gosaldu ondoren, martxa zaratatsua egingo dute herriko kaleetan zehar. Oinez, bizikletan nahiz patinetan joateko dei egin dute. 10:30ean, aldiz, greba feministaren inguruan hausnartuko dute, Alondegian. Jarraian, 12:00etan, Zubitxikitik hasita, mobilizazio zaratatsua izango da. Beheko Plazara itzuliko dira ondoren. Emakumeen* bazkari autogestionatua egingo dute bertan, eta bazkalostean, 16:00etan hasita, askotariko ekintzak egingo dituzte; besteak beste, mugimendu eta dantza, batukada, kartel eta txalaparta tailerrak. Saregileen plazaitik abiatuta, manifestazioa antolatu dute arratsaldeko 19:00etarako. Beheko Plazan amaituko da protesta, eta ekitaldi bat ere prestatu dute mugimendu feministako kideek. Gosaria, ogia, edaria, kafe zein infusioak grebako koordinazio lan-taldeak eramango ditu. Bazkaria eta iluntzeko luntxa, ordea, autogestionatuak izango dira, beraz, norberak etxetik eraman eta elkarbanatzeko deia egin dute. Bestetik, zarata egiteko tresneria eramateko ere eskatu dute. 

 

Gizonak zaintza antolatzeko prest

Martxoaren 8ko grebari begira, Zarauzko hainbat gizonek "zaintza sarea" ehuntzeko prozesua abiatu dute. Helburua Martxoaren 8an Zarautzen "zaintza gune bat" sortzea da: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".

Emakumeei beraiekin harremanetan jartzeko dei egin diete: "Greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Horretarako, zaintzasareazarautz@gmail.com helbide elektronikoa sortu dute, emakumeek beren izena, zaintza beharrak, ordutegia eta kontaktua helarazi ahal izateko. Bestela, martxoaren 1ean Lege Zaharren enparantzan antolatu-
tako ekintzetan ere izena emateko aukera izango da.

Gizonei dagokienez, greba "babestu" nahi izanez gero, zaintza sarean izena ematera gonbidatu dituzte, helbide elektroniko beraren bidez: "Eman izena zaintzaile gisa eta bermatu zaintza sarea". Aski izango da zaintzasarea@gmail.com helbidera izena, disponibilitatea eta kontaktua bidaltzearekin. "Ez ahaztu etxean lan guztiak egiteaz!", gaineratu dute.


Zumaian, Gaztetxean

Martxoaren 8ko greba feministaren harira, grebara deituta dauden emakumeei zaintzarako espazio bat eskainiko diete Zumaiako Torreberri gaztetxeko hainbat kidek. Hala azaldu dute: "Egun horretan gaztetxea haurren zaintzarako espazioa izatea nahi dugu, eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioek iraun bitartean. Arreta behar duten haurren zaintzaz arduratuko gara, emakumeei mobilizazioetan parte hartzea errazteko". Seme-alabak gaztetxean uzteko asmoa dutenek mezu bat bidaltzeko eskatu dute torreberrigaztetxia@gmail.com helbidera. "Espazioaren eta txanden antolaketa erraztuko liguke horrek. Espazioa esandako erabilera emateko atontzen edo txandak osatzen lagundu nahi duzuen gizonezkoek ere idatzi dezakezue aipatutako helbidera".

Hemen dago ikusgai egitaraua, herriz herri:

Aizarnazabal

Martxoak 8, ostirala.
- 12:30. Kontzentrazioa, plazan
- Bazkalondoan. Emakumeen erakustaldia: tailugintza, margoketa... Zahar Etxean.
- 17:00. Emakumeen arteko pala txapelketa azkarra. Eguraldiaren arabera, Frontoi Zahar plazan edo Atari Soro pilotalekuan.
- 20:00. Elkarretaratzea, plazan.


Azkoitia

Martxoak 8, ostirala.
- 10:00. Emakumeok* plazara! Azkoitiko plazan
- 11:00. Kafe tertulia, Azkoitiko plazan.
- 13:00. Kazerolada, Azkoitiko plazan.
- 14:00. Bazkari autogestionatua (bakoitzak berea eraman beharko du), Azkoitiko plazan
- 16:00. Kontzertua, Amaia eta Andrearen eskutik, Azkoitiko plazan.
- 18:00. Gorputzak mugitzera, Azkoitiko plazan.
- 19:30. Mosaikoa, Azkoitiko plazan.


Azpeitia

Martxoak 2, larunbata

- 12:00. Martxoaren 8ari buruzko prentsaurrekoa, Emakume Txokoan.
Martxoak 8, ostirala.
- 10:30. Kalejira, XJko Baigerako plazatik hasita, Azpeitiko plazara.
- 12:00. Txupinazoa eta mosaikoa, Azpeitiko plazan
- 14:00. Bazkari feminista, Azpeitiko plazan.
- Jarraian, mahai ingurua: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.
- Arratsaldean, tailerrak, plazan.
- 20:00. Manifestazioa, plazatik hasita.
- 21:30. Afari autogestionatua.
- 22:30-00:00. Musika, arkupeetan.


Errezil

Martxoak 8, ostirala.
- 11:00. Mural margoketa, Dantzalekuan.
- 14:00. Bazkari autogestionatua.
- 19:00. Azpeitiko manifestazioarekin bat egingo dute.
Martxoak 9, larunbata.
- 19:00. Alardearen seme-alabak dokumentalaren emanaldia, Borondegiko aretoan .
- 21:00. Emakume afaria (beharrezkoa izango da izena ematea martxoaren 7a baino lehenago).


Getaria

Gaur, osteguna.
- 19:00. Grebari buruzko saio irekia, Alondegian. Nola egin dezaket greba martxoaren 8an? eta Cuidado, resbala dokumentalaren emanaldia. Mariñak talde feministak antolatuta.
Martxoak 6, asteazkena.
- 19:00. solasaldia, Berdura plazan. Sare konpontzaileak, ahalduntze prozesu baten irakaspenak. Gurutze Izagirre Intxauspek gidatuko du saioa. Izagirre Intxauspek Getariako saregileak. Bizimodu baten kontaketa euren ahotsetatik. Azken katebegiak ikerketa egin zuen. Mikrofono irekia izango da eta mokadutxoa.
Martxoak 8, ostirala.
-19:00. Manifestazioa, frontoitik hasita. Mariñak talde ferministak antolatuta.


Orio

Martxoak 8, ostirala.
- 11:00. Diana zaratatsua, Bikamiotatik.
- 19:00. Manifestazio zaratatsua, Orioko plazatik hasita.
- 21:00. Emakumeen* afaria, Balea elkartean.


Zarautz

Gaur, osteguna
- 19:00. Raketistak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, Modelo aretoan.
Bihar, ostirala
- 17:30. Asanblada irekia, Lege Zaharren enparantzan.
- 18:00. M8-ko antolaketa martxan!
- 19:15. Dantzaren entsegu orokorra.
Martxoak 7, osteguna.
- 11:00. Herriko ikastetxeen eta udalaren ekitaldia.
- 18:00. Murala eta sorpresak, Frontoi Txikian.
- 19:00. Liliak dokumentala, Modelo aretoan.
Martxoak 8, ostirala.
- 10:00. Gurpil martxa, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta.
- 12:00. Ekimena eta topagunea, Lege Zaharren enparantzan.
- 14:00. Bazkari autogestionatua eta jolasak, Lege Zaharren enparantzan.
- Arratsaldean, tailerrak Lege Zaharren enparantzan: hezkuntza, indarkeria sexista eta legeak, transexualitatea eta LGTBI kolektiboak, etxeko eta zaintza lanak, prekarietatea. Haurrentzako txokoa egongo da.
- 16:00. Eztabaida eta informazio txokoa, Lege Zaharren enparantzan.
- 18:00. Mikro irekia: gitarra, dantza, kantua, Lege Zaharren enparantzan.
- 19:00. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik hasita.


Zestoa

Bihar, ostirala
Bargazak galde feministaren aurkezpena eta pote-jolasa.
Martxoak 7, osteguna
- Arratsaldean, Gaztelekuan, emakumeen murala egingo dute.
Martxoak 8, ostirala
- 09:30. Kartel eta pankartak egiteko geldituko dira, Arroabean.
- 11:00. Mural margoketa, Alondegiko aldapan.
- 11:30. Kazerolada, Arroabean.
- 12:00. Elkarretaratzea, Zestoako enparantzan.
- 14:00. Bazkari autogestionatua, Zubimusu inguruan, futbol zelai zaharreko mahaietan.
- Bazkalondoren Arroabean, Arrakala dokumental emanaldia.
- 16:00. Bideo-solasaldia, Kultur Etxean: La fuente de las mujeres.
- 17:00. Arroabeko emakumeek emandako tailerra (talo tailerra, sendabelar tailerra...).
- 19:00. Elkarretaratzea, Zestoako plazan.
-19:30. Manifestazioa eta batukada.
- 21:00. Afari komunala.
- 21:00. Emakumeen afaria, Arroako zentroan.
Martxoak 9, larunbata
- 19:00. Erradikalak gara emanaldia Arroabeko Salto gelan.


Zumaia

Martxoak 5, asteartea.
- 18:00. Bizitzak erdigunera hitzaldia.
Martxoak 7, osteguna.
- 22:00. Zineforuma Aita Mari aretoan: Viaje al cuarto de una madre.
Martxoak 8, ostirala.
- 11:00. Mahai ingurua, Alondegian.
- 12:00-13:00. Elkarretaratzea, Zubi Txikian.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. Mugimendu tailerra.
- Jarraian, kartel, batukada eta txalaparta tailerrak.
- 19:00. Manifestazioa, Zumaiako plazatik hasita.
- Amaitzean, ekitaldia.
- Ondoren, jatekoa eta gaualdia DJarekin, Torreberrin.
Martxoak 12, asteartea.
- 18:30. Zumaiako Emakumeon* Etxea elkartearen aurkezpena.
Martxoak 14, osteguna
- 22:00. Zinegoak, Aita Mari aretoan.
Martxoak 22, ostirala
- 11:30 eta 22:00. Käffka antzezlana, Aita Mari aretoan.
Martxoak 26, asteartea
- 18:30. Jabetze eskolaren barruan, Pepa Bojoren ikastaroa (gazteleraz).
Martxoak 28, osteguna.
- 22:00. Zinegoak, Aita Mari aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide