Iaz, ELAk deituta, hamasei egunez egin zuten greba Gipuzkoako adineko egoitzetako eta eguneko zentroetako hainbat langilek. Orain, hemeretzi eguneko greban murgilduta daude ELAk deituta. "Kale edo bale egiteko ordua iritsi dela uste dugu. Gure borroka benetakoa dela esan nahi diegu patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari", adierazi du Sonia Cardenal Zumaiako San Juan egoitzako langileak eta ELAko kideak.
Grebaren helburua da sektoreko eta enpresako lan hitzarmenak onartzea. Sektoreari dagokiona Gipuzkoako egoitza guztietan ezarrita dago, "beraz, guztiontzako da mesede". Bigarrengoa, berriz, egoitza bakoitza kudeatzen duen enpresarekin adosten dena da. "Kontua da 2009-2012koa den hitzarmen sektorial batekin jarraitzen dugula. Gutxieneko batekin atera zen aurrera, eta ordutik, enpresaz enpresa ari gara hitzarmenak sinatzen, eta gure eskaera da enpresetako lan hitzarmena berretsiko duen konbenio sektoriala osatzea", azaldu du Cardenalek.
Erakundeen jarrera
Iazko Gabonetako grebaren harira, bi patronalak (Adegi eta Matia) ELArekin jarri ziren harremanetan eta bilera batzuk egin zituzten. "Adostasun batera iritsi ginen, eta aurreakordio bat ere prestatu genuen. Emaitzarekin pozik gelditu ginen, izan ere, guk eskatutako eduki eta eskaerei kasu egiten zitzaien. Aurreakordio horrekin Aldundira jo genuen, eta bertan ezezkoa jaso genuen. Aldundiaren iritziz, oso garestia zen. Zailena eginda zegoela iruditu zitzaigun, hau da, patronalekin akordio batera iristea,eta Gipuzkoako ForuAldundiaren ezezkoa jasotzea pena izan zen. Ondoren, proposamen bat aurkeztu zuten negoziazio mahaira, baina barregarria iruditu zitzaigun ELAkooi", gaineratu du Cardenalek.
Mobilizatzen
Grebaren lehenengo egunean Donostian egin zituzten mobilizazioak ELAkoek, eta astelehenean ere han izan ziren. "Ostiralean berriro joango gara Donostiara eta Bizkaiko egoitzetako langileak ere etorriko dira", esan du. Bitartean, eskualdeka ari dira ekintzak antolatzen. Urola Kostan kotxe karabana egin zuten aurreko ostegunean, eta bihar eta martxoaren 7an ere egingo dituzte. "Azpeitian elkarretaratzea egin genuen otsailaren 22an, eta larunbatean Zumaian egingo dugu Magnolio aurrean, 12:00etan. Martxoaren 9an, berriz, Zarauzko azokan egingo dugu, 16:30ean".
Grebak irauten duen egunetan gutxieneko zerbitzua bermatuta dago egoitzetan. "Barkamena eskatzen diegu familiei. Badakigu grebek ezinegona sortzen diela, baina egun horietan erabiltzaileak dira gure lehentasuna eta oinarrizko zuzeneko arreta dute denek. Gainera, gure lan baldintzak hobetzea eskatzearekin batera, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere eskatzen ari gara. Beraiengatik ere borrokatzen ari gara", nabarmendu du.
Martxoaren 10ean amaituko dute greba, baina Cardenalek gauza bat argi du: "Patronalen eta aldundiaren aldetik erantzun bat espero dugu. Ikusiko dugu zer gertatzen den".
LAB sindikatuak deituta bi greba egun egin dituzte
LAB sindikatua ere Gipuzkoako adineko egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak hobetzearen alde mobilizatzen ari da. Hala, herenegun eta atzo lanuzteak egin zituzten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain! lelo hartuta. Horrez gain, Donostian bildu ziren eta bertan egin dituzte mobilizazioak bi egunetan.
Datorren ostiralerako, martxoaren 1erako, negoziazio mahaia deituta dago, eta LAB sindikatuaren ordezkariek mahaian parte hartuko dute, "arduraz jokatu nahi dugulako", azaldu du LABek. Ondoren, mahai gainean jartzen denaren arabera, erabakiko du sindikatuak mobilizazioekin jarraitu edo ez.
LAB sindikatuaren arabera, egoitzetan erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatearen "benetako arduraduna" Gipuzkoako Foru Aldundia da, "erakundearena da erantzukizuna". Zerbitzuaren kudeatzaileak "aldundiaren aurrean eratutako lobby garrantzitsu" bihurtu dira. "Horiek lehiatzen dira beren tarifak eta irabaziak ontzeko, betiere, langileen lan baldintzen eta eskaintzen den eginkizunaren kontura", salatu du LAB sindikatuak.