Horren aurrean, Zumaiako lau sindikatuk (EALA, LAB, CCOO eta ESK) idatzi bat sinatu dute. Honen bidez, bere atxikimendua ematen diete Kalea Guztiona Da mugimenduaren helburuei.
Idatziak zazpi puntu ditu:
1.- Aipatutako mozioa ez zela onartu. 6 boto izan zituen alde, beste 6 aurka eta abstenzio bat. Berdinketaren aurrean, alkatearen ezezkoa izan zen erabakigarria, kalitatezko botoari esker.
2.- Duela 3 urte herrian piztu zen auziari irtenbidea emateko aukera bat galdu dela uste dugu. Hasierako momentuan kokatzen gara, 2016ko otsailean, gatazkaren hastapenean hain zuzen.
3.- Sindikatuok berresten dugu orduan esan genuena eta herriko beste 30 inguru eragileekin sinatu genuena: adierazpen askatasuna gauzatzea modu zabalean eta zentsura kutsurik gabe.
4.- 2016 urte horretan Udal Gobernuak aurkeztu zuen Ordenantza baten zirriborroa. Eskuartean izan genuen, eta adierazpen askearen ikuspuntutik elementu arriskutsuak atzeman genituen.
5.- Sindikatuok, gure adierazpen askatasunaren baitan, tresna ezberdinak erabiltzen ditugu, hauen artean kartelen, pankarten eta abarren bidez erreibindikazioak plazaratzea. Edukiak, langileek erabakitzen ditugu eta egokien den moduan jendaurrean adierazi.
6.- Ezagutzera eman ziguten Ordenantzaren zirriborroan, besteak beste, kartelak, pankartak eta hormak aipatzeaz gain, mezuen edukiek Udalaren aldez aurretiko baimena behar zuten. Guretzat, eta lehentxeago idatzi dugunarekin koherente izanik, Udalaren jarrera hori esku sartzea litzateke askatasun sindikalean.
7.- Kalea Guztiona Daren beste bidelagunekin duela 3 urte esandakoa errepikatzen dugu: Udalak har ditzakeen neurriak 2 faktore kontuan hartzea. Bata, Adierazpen Askatasunaren definizioak ahal den adostasun zabalena izatea. Eta bestea, herriko garbitasunaz zer ulerten den adostea, txukuntasunaren eta pentsamendu askearen arteko talka ekiditeko.