Beti Gazte dantza taldeari buruzko erakusketa antolatzen ari dira Zumaian

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko otsailaren 22a

Mari Carmen Aristi eta Karmele Sasiain Beti Gazte dantza taldean ibilitakoak. (Izaskun Urbieta Esnal)

Umetan Zumaiako Beti Gazte dantza taldeko kideak izan ziren Garbiñe Arrieta, Mari Carmen Aristi eta Karmele Sasiain. Garai hura pozik gogoratzen dute hirurek: "Oso oroitzapen politak ditugu, eta dantza taldeari esker, lagun kuadrilla egin genuen. Gaur egun ere lagun talde bera mantentzen dugu". Orain, beste hainbat dantzari ohirekin batera, Beti Gazte dantza taldeari buruzko erakusketa antolatzen ari dira, eta horretarako herritarren partaidetza eta laguntza eskatu dute. «Zumaiarrei deialdia zabaldu nahi diegu, eta argazkiren bat dutenek betigaztedantzataldea@gmail.com helbidera bidaltzea eskertuko genuke. Posta erabili nahi ez dutenek, berriz, Alondegian utzi ditzakete beren argazkiak, 10:00etatik 14:00etara». Martxoaren 31 izango da argazkiak jasoko dituzten azkenengo eguna.
Erakusketa, berriz, maiatzaren 9tik 12ra izango dute zabalik Zumaiako Oxford aretoan. Horrez gain, VIII. Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan, Beti Gazte Eguna ospatuko dute maiatzaren 18an.

33 urteko ibilbidea
Zumaiako Beti Gazte dantza taldea 1966. urtean jaio eta 1999. urtera arte egon zen martxan. Sortzaileetako batzuk izan ziren Inaxio Alberdi, Mari Pilar Manterola, Mertxe Irureta eta Joxeba Zubiaurre. «Irakasle lanetan ere jarduten zuten. Arritxu Egaña izan zen gure irakasleetako bat, eta Alberto Esnal ere laguntzaile lanetan ibili zen», gogoratu dute.

Urtean bi emanaldi nagusi egiten zituen taldeak: santelmoetan eta uda aldean. «Azken hori berezia izaten zen. Odieta frontoian egiten zen eta jende asko joaten zen ikustera».

Zumaiako Beti Gazte dantza taldearen irudi bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide