ELA sindikatuak Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan hemeretzi greba egun deitu ditu herenegun, otsailak 20, hasi eta martxoaren 10era arte. Donostian egin zituzten lehen eguneko mobilizazioak, eta sindikatuaren esanetan, grebak "parte hartze handia" izan zuen Gipuzkoa osoan. Hala ere, Urola Kostan herriz herriko egoitzetan jarraipen desberdina ari da izaten lanuzterako deia. Adibidez, Zumaian jarraipen handia du eta Azpeitian txikia. Kalera ere atera dituzte mobilizazioak egoitzetako langileek, atzo Zumaian auto karabana egin zuten eta Azpeitian gaur elkarretaratzea egin dute herriko plazan.
Atzo, osteguna, Zumaian egoitzetako langileek egindako auto karabana, ELAk deituta. (Izaskun Urbieta Esnal) Urola Kostako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Azpeitiko plazan, ELAk deituta. (Argazkia: ELA sindikatua)Iaz hasi ziren borrokan Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak, eta ELAk jakinarazi duenez, dagoeneko badago aurreakordio bat patronalarekin, eta hori aurrera ateratzeko Gipuzkoako Foru aldundiaren esku hartzea eskatu dute. Lan hitzarmen duina aldarrikatzen ari dira langileak.
Langileen aldarrikapenetako bat erabiltzaileen kalitatea hobetzea da, eta egoiliarren senideei lasaitasuna helarazi nahi die. "Langileek badakite gutxieneko zerbitzuak daudenean zeintzuk diren lehentasunak, eta horiek beti egoiliarrak dira", adierazi du ELAko ordezkari batek.
LABek deituta, bi greba egun
LAB sindikatuak bere aldetik bi eguneko greba deitu du adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan datorren asterako, otsailaren 25erako eta 26rako, hain zuzen. "Dagoeneko bi urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoako adineko zentroetako langileen lan baldintzak hobetu ez direnetik", kritikatu du LABek, eta lurralde osorako "lan baldintzak bermatuko dituen Hitzarmen Kolektibo bat" eskatu du. Egoitzetan "kalitatezko zerbitzua" eskaintzearen "benetako arduraduna" Gipuzkoako Foru Aldundia dela adierazi du sindikatuak, eta hari eskatu dio erantzunkizuna.
Bi eguneko lanuztera deituz ateratako oharrean, LAB sindikatua kritiko agertu da ELA sindikatuarekin ere: "Negoziazio mahaia blokeatu da egoki eratu ez zelako, ELA ez zegoelako. Eta, langileekiko ardura eta begirune gutxi erakutsi duela iruditu zaigunez, haren jarrera salatu dugu. Are gehiago, patronalekin negoziatzen aritu denean negoziazio mahaitik kanpo".