Kirol jarduerez betetako larunbata izango da datorrena Zumaian. Goizean Zumaiako XI. Txirrindularitza Saria jokatuko da. Bazkalondoan, berriz, 35. Herri Lasterketa korrituko dute.
Pistako denboraldia amaituta, txirrindulari gazteek errepideko lasterketei ekingo diete. Hala, larunbat honetan Zumaiako XI. Saria jokatuko da. Tropela 10:00etan abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plaza ingurutik, 112 kilometroko ibilbidea egiteko. Zirkuitua eskualdeko errepideetan zehar prestatu dute. 12:30 aldera amaituko da proba, Axular ibiltokian.
Elite eta 23 urtez azpikoen mailako lasterketa da larunbatekoa, eta Euskalduna Torneorako puntuagarria izango da. Txirrindulari onentsuenak izango dira larunbatean Zumaian.
Atletismoak hartuko dio lekukoa txirrindularitza probari arratsaldean. 15:45ean hasita, Zumaiako 35. Herri Lasterketako lehen probak jokatuko dira, haur eta gaztetxoenak, hain zuzen ere. Benjamin aurreko eta benjamin mailako korrikalariek 300 metro egingo dituzte Erribera kalean. Jarraian, kimuen txanda izango da: 1.050 metro egingo dituzte. Gaztetxoen lasterketekin amaitzeko, infantilek eta kadeteek 2.100 metro korrituko dituzte.
Helduak bi distantziatan
Behin korrika saio horiek amaituta, herri lasterketako proba nagusien txanda izango da. Ohikoa den bezala, bi distantziatan hartu ahal izango da parte: 5.600 metroko lasterketan edo 10.200 metrokoan.
Izen ematea zabalik dago herrikrosa.euswebgunean. Lasterketa luzean parte hartzeko 13 euro ordaindu beharko dira, eta laburraren kasuan 11 euro . Internet bidezko izen-ematea larunbatean 12:00etan itxiko dute.
Lasterketaren egunean bertan, otsailaren 23an, ere izango da izena emateko aukera, Itsas Kiroldegian. Kasu honetan, 15 euro ordaindu beharko dira lasterketa luzean parte hartzeko, eta 13 euro laburrerako izena emateko.