GKNren esperientziarekin hasiko da ‘Euskara, bestela ez gara’ zikloa, Zumaian

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko otsailaren 20a

Lau solasaldi izango dira gaurtik hasi eta martxoaren 13ra bitartean, guztiak 18:30ean hasita. Kontzientziatu, sentsibilizatu eta herritarrak gogoetara bultzatu nahi dituzte.

Zumaiako Udaleko Euskara Sailak 2012. urtetik antolatzen duen Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa gaur hasiko da. Ohiko formatuan egingo da edizio honetako hitzaldi zikloa ere, eta martxoaren 13ra bitartean lau solasaldi izango dira Alondegiko Oxford aretoan, guztiak 18:30ean hasita.

Hitzaldi zikloak hainbat helburu ditu, besteak beste, euskararen inguruan jendea janztea, euskararen berri ematea, soziolinguistikako nozio batzuk zabaltzea, euskarari balioa ematea eta beste errealitate batzuk erakustea, ahalduntzea eta, nola ez, "kontzientziazioa, sentsibilizazioa eta herritarrak gogoetara bultzatzea", nabarmendu dute Udaleko Euskara Saileko Josune Herrartek eta Xabier Azkuek.

Hitzaldien bidez euskararen inguruko ikuspuntu ezberdinak lantzea dute asmoa. "Hitzaldi zikloaren helburua ez da euskararen inguruko lau famatu euskarari buruz hitz egitera ekartzea. Denetariko gaiak landu nahi ditugu, eta horretarako, herrian euskararekin lotutako lanak edo ikerketak badaude horiei ere saiatzen gara oihartzuna ematen", gaineratu dute.

Zikloko aurreneko saioa gaur izango da, eta bertan, GKN lantegiak euskararen inguruan egin duen ibilbidea eta bilakaera azalduko da. Ianire Flores eta Asier Arakistain izango dira hizlariak, biak GKN enpresako Euskara Batzordeko kideak. Herrartek eta Azkuek adierazi dutenez, "GKN-n euskararen inguruan egiten ari diren lana izugarria da, eta iaz jaso zuten Bikain ziurtagiria urteetan egin duten lan isilaren aitorpena izan zen. Euskarak lan munduan duen presentzia landu nahi dugu hitzaldi honekin, eta beste enpresentzako eredugarria den adibide hau ezagutu".

Hurrengo hitzaldia otsailaren 27an izango da. Edurne Azkarate bertsolari eta antzezlea izango da orduan hizlaria. Erreferentziak edo inertziak? Erreferentziak eta inertziak izenburupean euskarazko kultur sorkuntzan jarriko du begirada. "Ideia iraultzaileak eta berritzaileak ditu. Sorkuntzaren inguruan esatekoa duena oso interesgarria da".

Martxoaren 6an izango da zikloko hirugarren hitzaldia. Arrate Illaro Euskaraldiako koordinatzaileak gidatuko du solasaldia eta egitasmoaren nondik norakoak kontatuko ditu. "Momentu honetan Euskaraldiak eman dituen datuak neurtzen eta aztertzen ari dira, baina zenbakiez haratago, Euskaraldiak ekarri dizkion inpresioak, pertzepzioak eta bizipenak azalduko ditu".

Azkenik, Ibon Manterola zumaiarra ariko da hizlari martxoaren 13an. Etorkizuneko Zumaia nola garatuko dugu euskaraz? izenburua du solasaldiak, eta lehen zatian Euskal komunitatearen biziberritze prozesua eta euskalgintza gaur egun zer egoeratan dauden aurkeztuko ditu. Bide beretik, Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen proiektuko helburuak, metodologia eta emaitzak zein izan diren azalduko ditu. "Eusko Ikaskuntzaren proiektu hori Euskal Herri mailan egin zen iaz eta Manterolak ariketa hori Zumaian egiteko baldintzak eta oinarriak emango ditu hitzaldiaren azken zatian".

Euskara, bestela ez gara
Hitzaldi guztiak 18:30ean hasiko dira, Alondegiko Oxford aretoan.

Gaur, otsailak 20. Euskara lan munduan. GKNren esperientzia hitzaldia.
Otsailak 27, asteazkena. Erreferentziak edo inertziak? Erreferentziak eta inertziak hitzaldia.
Martxoak 6, asteazkena. Euskaraldia. Euskaltzaleak saretzeko bidean hitzaldia.
Martxoak 13, asteazkena. Etorkizuneko Zumaia nola garatuko dugu euskaraz? hitzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide