Eskualdeko hamar lagunek Euskal Herriko Mus Txapelketaren Gipuzkoako finala jokatuko dute

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 18a

Aizarnazabalgo, Orioko, Zestoako eta Zumaiako bost bikotek Zaldibian jokatuko dute Gipuzkoako finala. Saioa irabaziz gero, Euskal Herriko finalera sailkatuko dira.

Aurrera doa Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko Mus Txapelketa, eta herriz herriko kanporaketa guztiak igaro ondoren, zazpi herrialdeetako finalak jokatuko dituzte larunbatean, otsailaren 23an. Zaldibiako Herri Antzokian izango da Gipuzkoako finala, eta Urola Kostako hainbat jokalari lehiatuko dira final horretan. Hain zuzen ere, eskualdeko bost bikote hauek sailkatu dira Gipuzkoako finalera: Dabid eta Gorka Etxabe (Aizarnazabal), Bittor Andres eta Jokin Salsamendi (Orio), Pepe Valor eta Iñaki Alberdi (Zestoa), Andoni Iturbe eta Iñaki Iraola (Zestoa) eta Ion Agirre eta Borja Yeregi (Zumaia).

Guztira, 117 bikote lehiatuko dira Gipuzkoako finalean, eta irabazten dutenak Euskal Herriko finalera sailkatuko dira. Martxoaren 16an jokatuko dute final nagusia, Lizarran (Nafarroa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide