2019ko udal aurrekontuak onartu ditu Zumaiako Udalak, baina ez aho batez

Juan Luis Romatet 2019ko otsailaren 14a

14,4 milioi euroko aurrekontu bateratua izango du Zumaiako Udalak aurten. Udalaren webgunean argitaratutako "aldebakarreko" idatzi batek batzarreko giroa gaiztotu zuen.

Asteartean, ezohiko udalbatzarrean, 2019ko Udal Aurrekon- tuak onartu zituen Udalbatzak. Udal Gobernuak (EAJ) aurkeztutako proposamenak aldeko hamar boto jaso zituen (EAJren bost, EH Bilduren hiru, PSE-EE- ren bat eta Jon Iraolaren bat) eta kontrako hiru (EH Bildu). Zumaiako Udalak 13.703.753 euroko aurrekontua izango du aurtengorako. Horri, Udal Kirol Patronatuaren 1.306.228 euro gehitu behar zaizkio. Ondorioz, aurrekontu bateratua 14.457.981 eurokoa izango da.

Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenari EH Bilduk egindako bi ekarpen eta PSE-EEren bat txertatu dizkiote. Udalekuetan bi urteko umeen zaintza zerbitzua zuzenean udalak hartzea eskatu zuen EH Bilduk. Horrekin batera, UROLA KOSTAKO HITZAri dirulaguntza 20.000 eurotara igotzea, eta eskualdeko euskal hedabideen bateratze prozesurako 10.000 euroko partida sortzea eskatu zuten. PSE-EEren proposamenari so eginez, Estazioko auzoarentzako inbertsio partida bereiztua sortu dute. Txepetxa elkartearen inguruko urak bideratuko dituzte, besteak beste. Lan horiek helburu dute auzoak pairatzen dituen uholdeen arazoak saihestea.

Udal aurrekontuak onartzeko hiru alderdien arteko akordioa zegoen, baina, otsailaren hasieran Udal Gobernuak (EAJ) zumaia.eus webgunean argitaratu zuen idatzi batek udalbatzarreko giroa gaiztotu zuen. Idatzi horretan, akordioaren berri emateaz gain, Oier Korta alkateak oposizioak aurkeztutako proposamenen inguruko iritzia ematen zuen.

Hiru alde, hiru kontra
Astebete geroago, PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek hedabideetara bidalitako idatzi batean udal webguneko idatzi hori kritikatu zuen, eta astearteko udalbatzarrean kritikak berretsi zituen. Hala ere, bere aldeko botoa mantenduko zuela iragarri zuen. "Bere garaian esan nuen aurrekontu onak zirela, eta egindako lana ere ona izan dela. Aldeko botoa emango dugu, nahiz eta udal webgunean agertutako oharra mingarria iruditu zaigun".

EH Bilduko bozeramaile Alex Olidenek ere idatzi hori izan zuen hizpide. "Guztiona den udal webgunea aldebakarreko propaganda" egiteko erabili izana salatu zuen. Oposizio guztia "gutxiesten" zuela ere esan zuen. "Ez da kontu berria. Agintaldi osoan, hamahiru zinegotzitik sei izanik, gehiengo osoa balu bezala jokatu du automatikoki, eta oraindik ere jokamolde horren inertziak jarraitzen du", gaineratu zuen. Udal Gobernuaren "talante autoritarioa" ere salatu zuen. 

Hori zela eta, udal taldeko zinegotzien erdiak, hiruk, aldeko botoa eman zuten, "akordioa errespetatuz eta aurrekontuak edukitzearen garrantziaz jabetuta", eta beste hiruk aurka, "Udal Gobernuaren jarrera mediatikoak sorrarazi digun egonezina eta haserrea adieraziz".

Kalea Guztiona Daren mozioa ez zen onartu
Astearteko udalbatzarrean Kalea Guztiona Da mugimen- duak aurkeztutakoa mozioa ere eztabaidatu zuten, beste bi proposamenekin batera. "Debeku eta kontrol neurriek herrian eztabaida bizia eragin dute, eta adierazpen askatasunaren gaiari alde bakarreko dekretuz erantzutea herritar eta herriko talde askok ez dute begi onez ikusi", zioen mugi- menduaren mozioak. Arazoari konponbidea aurkitzeko "egiazko" parte hartzeko prozesu bat abian jartzea eskatzen zuen mugimenduak. Kalea Guztiona Dako kideak batzarrean izan ziren, eta nahiz eta hitza hartzeko gonbitea egin zieten, uko egin zioten.

Oier Korta alkateak gogoratu zuen azken bi hilabeteetan, mozioa aztertu arte, ez dutela pintadarik kendu, eta, hori dela eta, herritarren deiak eta mezuak jaso dituela. Agintaldi hasieran hartutako erabakia egokia izan zela ondorioztatu zuen alkateak. "Ez al dugu herria txukun egoteko eskubiderik? Eraikinen jabeek ez al dute eskubiderik? Zumaiarrek ez dute herria egoera honetan egotea nahi".

Alex Olidenen (EH Bildu) ara- bera, "herrian arazo bat dago, eta mozio honek bide bat zabaltzen du". Alderdiaren aldeko botoa aurreratu zuen. 

Arritxu Marañonek (PSE-EE) kontrako botoa eman zuen, nahiz eta, aldi berean, mozioak jasotzen zuena ulertzen zuela esan. "Ez da gauza bera herria zikintzen duen pintada bat, eta jarrera artistikoa. Zentzu horretan, eta etorkizunera begira, ondo egongo litzateke jokabideak zehaztea".

Mozioak EH Bilduko zinego- tzien aldeko botoa jaso zuen (6); EAJk (5) eta PSE-EEk (1) kontra bozkatu zuten, eta Jon Iraola abstenitu egin zen. Bigarren txandan emaitza bera izan zen. Beraz, kasu horietan alkateak duen kalitatezko botoari esker mozioa ez zen onartu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide