Zazpigarren aldiz jarriko du martxan Hazilan proiektua Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskualdeko enpresei eta gazte langabetuei bideratua dago egitasmoa, eta orain arteko sei edizioetan, guztira, 94 pertsonak hartu dute parte, hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak eginez.
Horietako bat da Jorge Guerra. Goi mailako elektronika eta automatizazio zikloa ikasi zuen, baina ondoren ez zuen lanik aurkitu esparru horretan. Duela bi urte, ordea, Hazilan programan parte hartu zuen, eta programak bideratutako praktikak egin zituen enpresan jarraitzen du lanean gaur egun. "Ikasi nuen horretan lan egiteko esperantzak galduak nituen, baina Hazilani esker posible izan zen. Esperientzia zoragarria eta aukera paregabea dela uste dut".
Hainbat berrikuntza
Enpresen premia errealen identifikazioa du oinarri Hazilan proiektuak; premia horietara egokitu ohi da edizio bakoitzeko trebakuntzen diseinua, eta zazpigarren edizio honek, aurrekoekin alderatuta, bi berrikuntza nagusi izango ditu.
Alde batetik, prestakuntza sendoagoa eskainiko zaie parte hartzaileei. Lehen fasean, Enplegurako prestakuntza profesionalean laneko orientabidea eta kalitatearen sustapena modulua egingo dute. Bestetik, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Horrez gain, praktikaldiari ekin aurretik, teknologia berrien aukerak baliatuz, sarean norberak bere marketina egoki egiteko gakoak lantzeko 25 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute parte hartzaileek. Gauza jakina da lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu dela aipatu esparrua.
Laburbilduz, hiru atal nagusi izango ditu Hazilan programak. Zeharkako konpetentziak lantzeko atala (AKTIBATU), prestakuntza osagarria (PRESTATU) eta, azkenik, enpresetako praktikaldia (KOKATU).
Programan interesatuak dauden gazte kualifikatuei zuzendutako informazio saioa eskainiko du Udal Elkarteak, otsailaren 13an, 10:00etan, Udal Elkartearen egoitzan bertan (Urdaneta bidea 6, Zarautz).
Bi modu daude ekimenean izena emateko: Udal Elkartearen egoitzara bertaratuta edo eskaera-orria posta elektronikoz bidalita hazilan@urolakosta.eus helbidera. Eskaera-orria eskuragarri dago Udal Elkartearen webgunean: www.urolakosta.eus.