
Bihar, asteartea, hasiko da Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa. "Erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat" izango da, Gure Esku Dago dinamikak salatu duenez. Gertaera salatzeko eta auziperatuei elkartasuna adierazteko, Euskal Herrian hainbat mobilizazio antolatu dute. Eskualdean, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian deitu dituzte protestak. Gure Esku Dagok herritar guztiei dei egin die mobilizazioetara bertara daitezen.
Azkoitian, elkarretaratzea deitu du biharko Azkoitiko Gure Esku Dagok. 19:00etan, Azkoitiko plazan elkartuko dira epaiketa salatzeko.
Azpeitian ere egingo dute elkarretaratzea, Azpeitiko Gure Esku Dagok deituta. 19:00etan egingo dute mobilizazioa, plazan.
Getarian, 19:00etan elkartuko dira bihar, herriko plazan.
Orion ere egingo dute elkarretaratzea. 19:30ean elkartuko dira, Orioko plazan.
Zarautzen, berriz, Lege Zaharren enparantzan egingo dute protesta, 19:00etan hasita.
Zumaian, Gure Esku Dagok deituta, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, Magnolioan.