Aspaldiko eskaera bati erantzuten dio proiektua aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan: hain zuzen ere, han jakinarazi dute Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorri zatia egingo dutela, eta horrela, Urolako Bide Berdea osatuko dutela. Lanak amaitzean, Zumaiako eta Zumarragako udalerriak lotuta geldituko dira; 36 kilometro izango dira guztira. Aurkezpenean izan da Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea.
Marisol Garmendia diputatu sozialistak zuzentzen duen Mugikortasuneko Foru Departamentuaren asmoa da Urolako tren zaharraren plataforma bidegorri gisa erabiltzen jarraitzea. Iraeta eta Narrondo artean falta den lau kilometroko zatia eginda, osatuta geratuko da Urolako Bide Berdea. Proiektua bi fasetan banatuko dute.
Batetik, Iraeta eta Arroabea arteko zatia egokituko dute. Eremu horretan, bi tunel oso egoera txarrean daude, eta horiek egokituko dituzte. Lehenengo tunelak, Iraetako Tunela izenez ezagutzen denak, eraitsita du ganga eta sarreretako bat buxatuta du. Tunel horretan, 2019. urtean hasiko dituzte egokitze lanak, eta 240.000 euro ingurukoa izango da kostua. Bigarren tunelak, Arroakoak, buxatuta ditu bi sarrerak barruan izan diren luiziengatik, eta zulo bat du gainazalean, lau metroko sakonerakoa. Lehen tuneleko lanak amaitutakoan, bigarren tunel horretako ahoak irekitzeari ekingo diote. Ahoak irekitzeak 60.000 euro inguruko kostua izango du. Bide zati horren, ibilbideak Urolako trenaren plataforma zaharrari jarraituko dio, Arroabeko geltoki zaharreraino.
Hurrengo bide zatia, Arroabeko geltokiaren eta Narrondoren artekoa, Arroabeko auzotarrak aspalditik ari dira egokitzeko eskatzen. Zestoako Udalarekin lortutako akordio baten ondoren gauzatu ahal izango da zati hori, aukera desberdinak aztertu eta trazatu bideragarriena eta jasangarriena aukeratu ostean. Modu horretan, salbatu egiten da Arrobea auzorainoko kota-diferentzia, eta horretarako, % 8ko malda eraikiko dute sigi-sagan, Narrondon dagoen bidegorriaren trazatuarekin konektatu ahal izango duena. Jarduera horrek 530.000 euro inguruko kostua izango du.
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak azaldu duenez, "anbizio handiko proiektua" da, eta urte batzuk behar izango dira lanak bukatzeko.