Azken hiru urteetan Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko hainbat egitasmo jarri ditu abian Urola Kostako Udal Elkarteak, nabarmenenak Itsasotik Herrira egitasmoa eta sorkide.eus plataforma (eskualdeko artista eta sortzaileen leihoa). Aurtengoan, ordea, «jauzi kualitatiboa» eman nahi izan dute, bestelako sektore ekonomikoe- tan eragiteko asmoz. Hala, Sormen Industriaren alorra eta sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dituzte. «Lankidetza sarea zabaldu, sektore arteko zubiak eraiki eta Industria eta Sormen esparrutik abiatuta, sektore ekonomiko tradizionaletan eragingo duten proiektuak landuko dira, halako proiektuetatik sinergia oso interesgarriak sor daitezkeela uste dugulako», azaldu dute.
Proiektuaren abiapuntu edozein enpresa edo erakundek identifikatutako erronkak izan- go dira. Horiei irtenbideak aurki- tuko zaizkie sortzaileen lanarekin. Egungo testuinguru ekonomikoan, enpresa eta erakundeek beharrezkoak dituzte epe laburreko erronkei erantzuteko begirada eta jardunbide berriak. Etengabeko eraldaketa prozesuetan murgilduta, parezpare dituzten erronkak gainditu ahal izateko, erakundeek ezinbesteko dituzte erantzun berritzaile, praktiko, baliagarri eta eraginkorrak. Sortzaileak eta enpresak elkarlanean jartzeko helburuarekin, egitasmo berria jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Conexiones Improbables metodologia aplikatuz burutuko dira bi esku-hartzeak. Hau da, artista edo sortzaileen gaitasunaz baliatuz, emango zaie erantzuna enresa edo erakundeen erronkei. Hainbat adibide interesgarri daude arlo honetan: esaterako, ikastetxe batek jo izan du sortzaileengana, irakasleak berrikuntzak egitera motibatzeko; eta Bizkaiako ospital batek artista batekin egin du elkarlana, onkologia eremua humanizatzeko.
Esku-hartzeak behar bezala burutzeko, halako dinamiketan eskarmentua duten artista eta sortzaileekin egingo da lan. Aldi berean, eskualdeko artista eta sortzaileei trebakuntza eskainiko zaie; halako prozesuak eraginkortasunez burutu eta etorkizunera begira, beraien lan esparrua zabaltzeko aukera berriak izan ditzaten. Otsailaren 13ra arte izena eman ahalko dute erronkaren bat duten enpresa edo erakundeek batetik; eta sortzaileek bestetik.
Informazio praktikoa
Sortzaileentzat formazioa.
-Esku-hartze ez artistikoei buruzko arlo teorikoa, 4 orduko prestakuntza saioa: martxoaren 11ean 09:30 – 13:30.
-Formazio praktikoa aukeratutako artista/sortzaileentzat: apirilaren 10ean, 13:15 – 16:15. Elkarlana. Apirilaren 11tik maiatzaren 27ra.
Izen-ematea.
Otsailaren 13ra arte, bai sortzaileentzat, bai enpresa eta erakunde interesatuentzat ere, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta, edo Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzara joanda.