Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi irteera gidatua antolatu du otsailaren 9rako, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Geoparkeko mendiko hezeguneak, bide ondoko oasi ezezagunak izenburupean, irteerak Geoparkeko mendialdeko hezegune berezi hauen balioa eta onurak eman nahi ditu ezagutzera. Larunbatean Itziarko frontoian hasiko da ibilbidea goizeko 10:00etan eta familia osoari zuzenduta dago.
Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kidek gidatuko dute irteera hori: Ion Garin eta Iñaki Mezkita adituek. Anfibioak aztertzen ditu lehenengoak, eta odonatoetan aditua da, berriz, bigarrengoa. Itziartik abiatu eta Artutzan eta Urritzuko putzuak eta bertako bioaniztasuna ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horrekin batera, bidean beste putzu batzuk ere ikusiko dituzte.
Hezeguneak galtzear
Hezeguneen Munduko Egunaren (otsailak 2) aurtengo leloa Hezeguneak eta klima aldaketa da. Geoparketik adierazi dutenez, «hezeguneak ezinbesteko ekosistemak dira berotegi-efektuko gasen igorpenak egonkortzeko eta klima aldaketaren eragina murrizteko. Barnealdeko zenbait hezegunetan, zohikaztegietan hain zuzen, atmosferara igorritako karbonoaren %30 biltzen da, munduko baso guztietan baino bi aldiz gehiago. Hezeguneak karbono hustulekurik eraginkorrarenak dira».
Azken 50 urteetan munduko hezeguneen %35 galdu egin da, sarritan, idortuta edo erreta, nekazaritzan erabiltzeko edo azpiegiturak eraikitzeko, mendeetan pilatu duten karbonoa atmosferara isuriz. Horrenbestez, larunbateko irteeraren helburua da Geoparkeko hezeguneen balio naturala ezagutaraztea eta klima aldaketaren aurka naturgune hauek duten garrantziaz jabetzea. Jarduera familia osoari zuzenduta dago, eta irteera amaitutakoan mokadutxoa jateko aukera egongo da. Gainera, gaztetxoentzat oparia izango da. Parte hartzea doakoa da, baina aurrez izena eman behar da ingurumena@geoparkea.com hel- bidera mezu bat bidaliz. Geoparketik ura, oinetako eta arropa egokiak eramatea gomendatzen dute.