Aldundiak, Surfrider elkarteak eta Zumaiena ikastetxeak euskal kostaldea babesteko hitzarmena sinatu dute

Baleike 2019ko otsailaren 1a

Aldundiak, Surfriderrek eta Zumaiena ikastetxeko 700 ikaslek euskal kostaldea itsas zaborraren aurrean babesteko konpromisoa hartu dute gaur eguerdian eskolako aretoan egin duten ekitaldian. Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua den Jose Ignacio Asensio bertan izan da.

Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko eskola egunaren markoan ekitaldi berezia egin dute gaur eguerdian Zumaiena ikastetxeko aretoan. Horrela, Surfrider Foundation Europe elkartearekin elkarlanean eta Aldundiaren babesarekin, Bake eta Garapen jasangarrirako lankidetza hitzarmena sinatu dute ikastetxeko zuzendaria den Isaak Aranberrik eta Surfrideko ordezkari gisa etorri den Vanessa Sarah Salvok. Hitzarmen horren testigu izan da, gainera, Gipuzkoako Ingurumen diputatua den Jose Ignacio Asensio.

Unescorekin elkartutako eskola eta ikastetxe jasangarrien sarean aurkitzen da Zumaiena ikastetxea eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Agendak dituen 17 helburuetatik bi ari dira lantzen ikasturte honetan: bakea eta ingurumena. Horrela, Itsaso bat, mundu bat leloari so eginez, itsas zaborraren inguruko lanketa egiten ari dira Surfrider elkartearekin batera. Gaur egin duten ekitaldian proiektu horrekiko duten konpromisoa baieztatzen duen hitzarmena sinatu dute. Bertan izan dira Surfriderreko bi ordezkari eta ikasleek egiten duten lana goraipatu dute. Bide beretik, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatuak horrelako lankidetza hitzarmenek duten garrantzia azpimarratu du: “Gure kosta natura ondare baliotsua da eta bere babesak guztion parte hartzea eskatzen du, eta gazteen konpromisoa eta parte hartzea ezinbestekoa da”, nabarmendu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide