Santa Ageda egunaren bueltan ospatuko dituzte aurten ere Matxinbetako festak. Gaur hasi eta asteartean bukatuko dira jaiak, eta egun horietan guztietan izango da zer eginik auzoan. Izan ere, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte urtero moduan.
Iluntzean, etxafuegoak bota ostean hasiko dira festak. Segidan, 22:00etan, mus txapelketa egingo dute tabernan. Lau erregetara, lau hamarrekotara eta lau usteletara jokatuko dute txapelketa, eta irabazleek txapelak eta 200 euro jasoko dituzte. Bigarren sailkatzen direnek, arkumea eta bi txanpain botila eskuratuko dituzte, eta hirugarren sailkatzen direnek, oilasko parea eta bi ardo botila.
Zapatuan segituko dute festekin. Arratsaldean puzgarriak, pailazoen emanaldia eta txokolatada egingo dituzte. Gauean, berriz, bertso afaria izango da Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin. Bertso afarirako txartelak aurrez erosi beharko dira Beheko tabernara joanda edo 943-88 63 15 telefono zenbakira deituta. Igandean, berriz, meza, umeentzako jolasak, pilota partidak eta herri kirolak izango dira.
Astelehenean izango da Santa Ageda bezpera, eta usadioari eutsiz, santa eskean aterako dira Matxinbentako auzotarrak goizean goiz. Auzoz auzo eta baserriz baserri ibiliko dira eskean, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak eta Laja eta Izer trikitilariek lagunduta.
Festak asteartean, Santa Ageda egunean, bukatuko dira: egun horretan, meza, jubilatuentzat hamaiketakoa eta bertako produktuz betetako otarrearen zozketa egingo dituzte Matxinbentako festen antolatzaileek.
Santa eskeak, herriz herri
Azpeitiko Matxinbenta auzoan festa nagusiak izan ohi dira Santa Ageda jaiak, baina Urola Kostako beste hainbat herri eta auzotan ere ospatzen dute Santa Ageda bezpera.
Bailarako ia herri guztietan aterako da talderen bat gutxienez kantuan, makilak eskuan eta baserritar jantziak soinean, bertsolariak lagun ditzutela. Horrez gain, herri guztietako ikastetxeetako ikasleak aterako dira santa eskean. Haietako batzuek eskolan bertan ospatuko dute Santa Ageda bezpera, eta beste batzuk herriko kaleetan barrena ibiliko dira. Aurtengoan, gehienek astelehenean ospatuko dute tradizio bilakatu den festa.
Hona hemen egitaraua:
Bihar, larunbata
-Aizarnazabal. Adiskide bertso elkartekoak eskean aterako dira. Aitor Mendiluze eta Mikel Aiertza ariko dira koplak abesten. Udaletxean elkartuko dira 09:00etan; gosaldu nahi duenak Mikel elkartean izango du horretarako aukera, 08:30ean.
-Zumaia. Beheko Plaza abesbatza abestera aterako da kalera. 18:00etan elkartuko dira, Hogarren, eta herrian ibiliko dira. Oikian, berriz, 08:30ean Oikiako plazan elkartuko dira, eta santa eskea bukatzean, taldean bazkaltzeko aukera izango da.Etzi, igandea
-Zarautz. Goizean, Motxian bertso eskolakoak kantuan aterako dira eta baserriz baserri ibiliko dira, Zarautzen, Aian eta Getarian. Ondoren, bazkaria egingo dute Meagan.
Otsailak 4, astelehena
-Aia. Lardizabal eskolako ikasleak baserriz baserri kantuan ariko dira, 09:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, gurasoak haurrekin aterako dira.
-Azkoitia. Floreaga ikastetxekoak 11:00etatik aurrera kalean ibiliko dira kantuan; arratsaldean, helduen talde bat aterako da. Azkoitia BHIko DBH 2 ko ikasleak 10:30ean aterako dira eskean.
-Azpeitia. Azpeitiko hiru ikastetxeetan ospatuko dute Santa Ageda bezpera. Haietako batzuk kalera ere aterako dira.
-Errezil. Errezilgo San Martin herri eskolakoak 09:30ean aterako dira santa eskean. Goizean, herrian ibiliko dira. Aurten, lehen aldiz, gurasoak ere gonbidatu dituzte haurrekin irtetera. Horrez gain, herriko guraso talde bat ere aterako da kantuan.
-Orio. Orioko Ikastolakoak 18:00etan aterako dira eskean, eta herrian ibiliko dira. Zaragueta eskolakoak, berriz, 10:30etik 12:30era aterako dira.
-Zarautz. 18:00etan, Imanol Urbieta musika eskolako ikasleak Txinpirin eta Zarautz Txiki abesbatzekin batera aterako dira kalera, kantura. Haiekin batera izango dira Aner Peritz eta Uxue Alkorta bertsolariak. Musika Plazan hasiko dute ibilbidea. 19:30ean, berriz, Zarautz Abesbatza Nahiko Larri trikiti taldearekin batera arituko da kalean kantuan. Haiek ere bertsolariekin ariko dira. Bestalde, ikastetxeetan ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera.
-Zestoa. 08:45ean Gurutzean elkartuko da herritarrez osatutako talde bat, eta hainbat txoko zeharkatuko dituzte egun osoan zehar. Aitor Salegi, Danel Olano eta Gorka Olaizola bertsolariak lagun dituztela ibiliko dira eskean. Gainera, Aizarnako eskolako umeak baserriz baserri ibiliko dira, goiz partean.