Iñaki Ostolaza da Zumaiako EH Bilduren alkatetzarako hautagaia

Baleike 2019ko urt. 31a, 14:41

Maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendaburua izango da Iñaki Ostolaza. 2011-2015 agintaldian zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean.

Iñaki Ostolaza, Zumaiako EH Bilduren alkategaia.

Iñaki Ostolaza izango da Zumaiako EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan. 1968an Zumaian jaioa da, 50 urte ditu. Industria ingeniaritza teknikoko ikasketak ditu eta Ostolaza Zumaia S.L. enpresako zuzendaria da.

Ibilbide politikoa 2007an hasi zuen zumaiarrak: Eusko Alkartasunako zerrendan aurkeztu zen urte hartako udal hauteskundeetarako. Ez zen zinegotzi atera hauteskunde haietan, baina ez zen gauza bera gertatu lau urte geroago. 2011ko udal hauteskundeetan Bildurekin aurkeztu zen, eta 2011-2015 agintaldian zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean.

Horrez gain, 2011tik 2017ra Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinadore izan zen, eta exekutiba nazionaleko kide ere bai. EH Bilduren Gipuzkoako mahai politikoko kide ere izan da Ostolaza.

Zumaiako EH Bilduk politikariari egin dion elkarrizketan, hark adierazi du "Zumaiak herritarrei entzuten dakien eta udal jardunean proposamen zehatzak egingo dituen gobernu bat" behar duela. "Hori dena talde lanean egitea eraginkorragoa da", gaineratu du.

Zumaia "herri polita izateaz gain, bizitzeko moduko" herria izatea ere nahi duela azpimarratu du, "jendeak lana eta bizitza duina herrian bertan egitea, eta horretarako kanpora joan behar ez izatea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide