Zumaiako Herri Eskola ekosistema hezitzaile biziaren aterpe da: herriarena eta herriarekin lan egiten duena, denak elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz. Kalitatezko Euskal Eskola Publikoa oinarri, eta Curriculum propio bat landuz, 0-18 urte artekoentzako hezkuntza aukera zabala eskaintzen du: 0-2 urte arteko haurrei Arrangoletan eta Eskola Txikia haurreskoletan eta 3-18 urte artekoei Zumaiako Herri Eskolan (HH, LH, DBH, ZIG gela, Batxilergoa eta Administrazio eta Finantzak goi mailako zikloa).
Herri Eskolaren hezkuntza komunitatea ikasleek, irakasleek, familiek eta herriko beste hainbat eragilek osatzen dute. Denak dira beharrezkoak, horrek ekosistema aberasten laguntzen du. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan elkarlanean ari dira Herri Eskolan, ikaslearen ongizatea helburu. Ikaslea arduratsua, autonomoa, sozialki trebea, kritikoa, sortzailea, bizitzarako konpetentea, euskalduna eta eleanitza eta emozioak kudeatzen dakiena izateko xedearekin lan egiten dute. Ibilbide horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia eta Pedagogia Fakultateko lantalde batek gidatuta Lehen Hezkuntza eta DBHko irakasleak formazio eta gogoeta lan bat burutzen ari dira.
Ikasleen interesetatik abiatuta, dagoeneko Haur Hezkuntzan aldaketa prozesu batean murgilduta daude: MUGIMENDU AUTONOMOA, alegia. 3, 4 eta 5 urteko haurren mailetan ondo hornituta eta modu erakargarrian lau tailer dituzte: zientzia, matematika, artea eta hizkuntza. 2 urteko ikasleek, aldiz, gela berean dituzte gune ezberdinak, ikasleei segurtasuna, erreferentziak eta babes afektiboa eskaintzeko. Eraldaketa jolastokian ere eman da; berdegunea gehitu, basotxoa sortu, egoteko lekuak berriztatu, baratzeak berrantolatu…
Guzti honek aukera ematen du naturarekin harreman zuzenagoa izateko, hezkidetza eta jolas mota ezberdina bultzatzeko.
Zumaiako Herri Eskolan ekosistema hezitzailea bizi-bizirik dago. Denek elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko bide horretan urratsak egiten ari da eskola. Horretarako, hainbat proiektu dituzte abian. Batetik, BIZIKASI egitasmoa: "Elkarbizitzari garrantzia handia ematen diogu. Ikasleak bere garapen integralean aurrera egiteko ezinbestekoa baitu hezkidetza, harreman onak eta giro ona izatea".
Bestetik, IRAKURZALETASUNA bultzatzeko egitasmoa abian dute, baita TXIKIPEDIA egitasmoa ere.
Ohiko curriculumean ematen ez diren hainbat konpetentzia garatu ahal izateko, eta beste batzuk indartzeko, Bigarren Hezkuntzan, HAUSPOA proiektua jarri da abian. Irakasle eta gurasoek parte hartuz, hizkuntza ezberdinak (alemana eta arabiera) ikasteko, eta beste hainbat tailer (etxeko konponketa…) egiteko aukera eskainiz.
Zumaiako Herriko Eskolan argi dute: ekosistema guztien artean aberasten dela.
Zumaiako Herri Eskolako ateak denentzat irekita daude.