Amestutako debuta izan zen. Bilboko Aste Nagusi bete-betean, San Mameseko zelaian, Athleticen elastikoa jantzita, gola sartuta eta partida irabazita. Orduan, aurkaria Leganes izan zen. Hasiera besterik ez. Haren atzetik partida gehiago (eta datozenak) eta kontratu berritzea etorri dira, besteak beste. Horiek eta kontu gehiago jorratu ditugu Perurekin, Lezamako harmailetan izan dugun solasaldian.
Gorenera iritsi zara, Peru. Hala ere, orain artekoa zaila izan bada, datorrena zailagoa izango da oraindik. Bertan egonkortzea. Nola egiten diozu aurre erronka horri?
Amets bat bete dut, txikitatik jokatu izan dut futbolean lagunez inguratuta eta guztion ametsa zena egia da niretzat. Orain, zuk diozun moduan, zailena dator, bertan mantentzea. Partida gutxi batzuk besterik ez dut jokatu Lehen Mailan eta bertan sendotu eta taldean paper garrantzitsua izan nahiko nuke. Horretarako ari naiz lanean egunero; izan ere, jende asko heltzen da gora, baina maila egunero eman behar da.
Athleticek erdiko atzelari bana igo du lehen taldera azken hiru denboraldietan, zu azkena (Yeray duela bi, Nuñez aurrekoan). Izatez ez zara atzelaria, ordea. Betidanik jokatu izan duzu zelai erdian. Nola daramazu postu aldaketa?
Nire ustez, gauza ona da postu ezberdinetan jokatzeko gaitasuna izatea. Izan ere, norbait falta bada postu zehatz batean, entrenatzaileak zu hauta zaitzake lan hori betetzeko. Hori da nik dudan gauza onenetako bat, edozein postutan partida ona joka dezaket. Dena den, egia da zelai erdian erosoago sentitzen naizela, “6” bezala batez ere, atzelarien aurretik. Orain atzean ari naiz eta badakit gauza asko ditudala hobetzeko. Horretan ari naiz lanean. Aipatu dituzun Yeray eta Nuñezengandik asko ikasi dut.
Sekulako maila duten atzelariak dira biak, baina zaila da atzelari postuan aritzea. Ezin duzu beti ondo egon. Postu horietan akatsak beste inon baino garestiago ordaintzen dira. Gainera, beti dago behetik hobe bat igo edo kanpotik beste bat ekartzearen mehatxua. Euskalduna bada, noski. Athletic berezia da alde horretatik, filosofia horri fidela. Meritu izugarria duela iruditzen zait. Beti lortu du gorenean mantentzea hemengo jokalariekin soilik. Lan horretan, aipatu duzun harrobiarekiko konfiantza hori ere garrantzitsua da. Taldearen sustraia da eta orain arte emaitza onak eman ditu.
Jubenil mailako bigarren urtean iritsi zinen Athleticera. Zumaiako herriko taldean kadete garaia amaitu eta Antiguokon urte bat egin ondoren. Lehen urte bikaina eginda (14 gol sartu zenituen orotara) Bilbao Athleticera egin zenuen jauzi zuzenean (oraindik jubenila izanda). Basconia hirugarren taldetik ez zinen pasa. Ez dira pauso handiegiak hain denbora tarte txikian?
Gauzak azkar joan dira, bai, baina onerako, nik uste. Nire iritziz hobe da gauzak azkar eta ondo egitea denbora asko behar izan gabe. Zortekoa izan naiz nire kasuan horrela gertatu delako. Bilbao Athleticeko lehen urtea ez zen erraza izan. Minutu gutxi izan nituen. Bigarren urtean, bestalde, Gaizka Garitanoren konfiantza guztia izan nuen eta uste dut ondo erantzun nuela.
Bilbao Athleticeko lehen urte hartan Kuko Ziganda izan zenuen entrenatzaile. Lehen taldera egin zuen salto ondoren. Harekin ez zenuen minutu gehiegi izango, baina bazuen konfiantza zuregan. Aurredenboraldian kontuan hartu zintuen eta Europa Leagueko Marseillaren aurkako kanporaketarako ere deitu zizun. Tamalez, ez zenuen jokatzeko aukerarik izan, baina haren eskutik heldu zen lehen kontaktua lehen taldearekin.
Eskerrak eman behar dizkiot Kukori. Bera izan zen Jubeniletatik Bilbao Athleticera igo ninduena, konfiantza eman zidan. Gaztea izan arren, minutuak izan nituen, gainera. Gero, Marseillaren aurkako final zortzirenetako kanporaketarako deitu ninduenean, ezustekoa hartu nuen. Erregalo bat izan zen. Pena azkenean jokatzerik izan ez nuelako eta taldea kaleratua izan zelako. Nahiko partida aldrebesa izan zen, egia esan, lehen zatian bi jokalarik hartu zuten min eta aldaketa bakarra geratzen zen bigarren zatirako. Dena dela, esan bezala, asko eskertzen diot Kukori guztia. Asko irakatsi zidan eta oso entrenatzaile ona iruditzen zait.
Aurten bai, aurten jokatu dituzu Ligako partidak lehen taldearekin. Nolako zelaietan, gainera. Camp Nou zapaldu duzu, Wanda Metropolitano, eta San Mames, noski. Nolako sentsazioa da?
Urte batetik bestera lagunekin telebistan ikustetik bertan jokatzera igaro naiz. Horretarako egiten dugu lan behean, harrobian. Noizbait zelai horietan eta aurkari handien kontra jokatu eta maila eman ahal izateko. Zumaiako utzi eta Athleticera heldu nintzenetik argi nuen hori zela nire helburua, ez nintzela denbora pasatzera etorri. Horretarako, ezinbestekoa da zugan sinestea eta anbizioa izatea, milaka direlako helburu bera duten jokalariak eta zu baino gose handiagoa izan dezakete.
Camp Nouko partida hartan ez zinen hamaikakoan hasi, baina gerora jokatu eta Messi zaintzen aritu zinen. Argazkia ere badago. Ondo gordeta izango duzu, ezta?
Une berezia izan zen. Inoizko jokalaririk onenaren aurka aritzeko aukera izan nuen eta ia irabazi genuen partida. Gainera, Messi betidanik izan da nire idoloa, beti esan izan dut bera dela onena. Beste amets bat bete nuen. Baina Messiz gain, Suarez edo Busquets ere izan nituen aurrean. Niretzat erreferenteak izan diren jokalariak parez pare. Burua hotz mantendu behar da, hala ere, partida ostean asimilatu nuen egoera. Suarezen kamiseta eraman nuen etxera, gainera. Messirena nahi nuen, baina epailearen atzetik zebilen haserre. Suarez topatu nuen parean eta arazorik gabe aldatu zidan kamiseta besarkada baten ostean.
Jokalari horiek oso ohituta daude foku mediatikora. Futbolak oihartzun handia du eta zurrumurruak etengabeak izaten dira. Zuk ere bizi izan duzu aurten. Realak erosi nahi zintuela zabaldu zen. Azkenean, ordea, Athleticekin berritu zenuen. Erabaki erraza izan zen? Zu txikitan Realekoa zinen...
Berritu nuenean, prentsaurrekoan argi esan nuen nik Athleticen jarraitu nahi nuela. Athleticek dena eman dit, haiei esker iritsi naiz honaino eta uste dut bizitzan esker onekoa izaten jakin behar dela. Reala etorri zen eta interesa adierazi zuen, bai, baina argi nuen ez nintzela mugituko. Hala ere, uste dut positiboa dela zugan interesa duten taldeak egotea, gauzak ondo egiten ari zaren seinale da eta.