Animalien erreinuko izakirik misteriotsuenetakoa da angula —aingirakumea da—, eta baita preziatuenetakoa ere. Aristotelesen garaitik XX. mendera arte, aingirak Sargazoseko itsasoan umatzen zirela jakin zen arte, zientzialarien artean jakin mina eragin du. Eta, oraindik ere, 16.000 kilometroko joan-etorriko itsas bidaia horrez gain, galdera asko eta ziurtasun gutxi dago angulen bizi zikloaren eta ohituren inguruan. Esate baterako, inork ez daki nola ugaltzen diren: gizendu egiten dituzte, baina sortu, ez.
Garai batean, ugaria zen Gipuzkoako Oria eta Urola ibaietan. Gaur egun, aldiz, oso gutxik dasta dezaketen luxua da; prezioagatik, batez ere. Angula kiloak mila eurotik gora balio zuen Gabonen atarian, eta 750 euro inguru balio du egunotan. Munduko zortzi janari luxuzkoenen zerrendan sartu berri du American Expressen Departures aldizkariak.
Gipuzkoako gune batzuetan aspaldikoa da angula arrantzatzeko joera, eta belaunaldiz belaunaldi pasatuz joan den tradizioa da zenbait familiatan; Unai Eizagirre oriotarrarenean, esaterako. “Aitona-amonak ibili ziren, aita ere bai, ni ibiltzen naiz orain, eta ondorengoek ere aukera izatea nahiko nuke”. Oraingo martxan “zail” ikusten du, ordea: “Kultur ondare garen partetik, Eusko Jaurlaritzak saiatu behar luke angula eta angulariak zaintzen; baina, azkenaldian hartu dituen erabakiekin, badirudi kontrakoa lortu nahi duela. Jarrera aldatzen ez badu, dena galduko da”.
Angula galzorian zegoela eta, espeziea leheneratzeko eta haren iraupena bermatzeko egitasmoa abiatu zuen Europako Batasunak duela hamar urte. Neurriak hartzeko eskatu zien angula arrantza egiten den tokietako administrazioei, bakoitzari egokien iruditzen zitzaizkionak. Arrantza aldia bi hilabete eta erdira murriztea eta arrantzarako baimenak mugatzea izan ziren Jaurlaritzak hartu zituen erabakietako bi. Ordutik, azaroaren 15ean hasi eta urtarrilaren 31n amaitu izan da Gipuzkoan angula arrantzatzeko kanpaina. “Gure aitona-amonak bost hilabetez aritzen ziren, eta Frantzian, oraindik ere, hala aritzen dira; baina, tira, horrek angularen iraupena ziurtatzeko balio bazuen, gu konforme”, azaldu du Eizagirrek.
Aurtengo kanpainarako ez zuten espero aparteko neurririk, baina Eusko Jaurlaritzaren eskutitz bat iritsi zitzaien hasteko egun batzuk falta zirela: angula arrantzan ibiltzen diren itsasontziei epea astebetera murrizteko erabakiaren jakinarazpena zen. “Ustekabean hartu gintuen; inondik inora ez genuen espero horrelakorik”. Berehala joan ziren azalpen eske, baina “betiko erantzuna” jaso zuten: “Angula galzorian dagoela eta espeziea leheneratzeko neurri bat dela”.
Irakurri artikulua osorik hemen.