Segurtasun neurriak kostaldean abisu laranjaren aurrean

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 23a, 11:26

Astea hasi bezain pronto, Euskalmetek abisu horia ezarri zuen astearterako eta abisu laranja gaurko, asteazkena. Prezipitazio iraunkorrak eta ugariak, olatu handiak eta haize zakarra iragarri zituzten, Bizkaiako eta Gipuzkoako kostaldean.

Gaur goizeko 05:40ean, Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidea itxi dute, ordubetez gutxigorabehera, itsasaldeko arriskuagatik. Izan ere, olatu handiak eta haize zakarra izan dira nagusi goizaldetik. 06:30ean ireki dute berriz.

Une honetan, olatuak direla eta, Zumaiako itsas pasealekuko oinezkoentzako barra itxita dago. Orioko Udaltzaingoaren arabera, bertan ez da aparteko arazorik izan.

Zarautzen ere zenbait segurtasun neurri hartu dituzte itsas pasealekuan. Atzo arratsaldean Babes Zibileko zenbait kide eta Zarauzko zenbait udaltzaingo izan ziren bertan, olatu handien arriskua zela eta. Gaur 05:58ean izan da itsasgora, eta 5'5 metroko olatuen iragarpenaren aurrean, patruilatze lanekin jarraitu dute goizaldetik. Olatuak itsas pasealekura iritsiz gero, bidea ixtea aurreikusten dute.

Gaur gauerako ere alerta laranja ezarri dute, eta Zarauzko Babes Zibileko kideek eta udaltzaingoek patruilatze lanei helduko diete arratsaldetik, itsas pasealekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide