Aranzadi Zientzia Elkartearen astro-argazkigintza erakusketa izango da Zumaian gaurtik otsailaren 3ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa egunero izango da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Irekierarekin batera, gaur, 18:30ean, Zerua ezagutzen tailerra egingo da.
Argazki erakusketa ibiltari hau Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia sailak antolatu du. Sail honek 50 urteko bizitza du, eta Aranzadi barruan berezia dela dio saileko kide Virginia Garciak. "Ikerketa lanik ez dugu egiten. Euskal Herriko zeruak ez dira egokienak izarrak ikusteko, eta, gainera, astronomiako ikerketarako tresna onak behar izaten dira. Guk halakorik ez dugu. Batez ere astro-argazkigintzan eta dibulgazio lanetan aritzen gara". Ostiral astronomikoak egiten dituzte hilabeteko azken ostiraletan, eta dibulgazio saioak ere antolatzen dituzte Aranzadik Donostiako Zorroagan duen egoitzan.
Dibulgazio lan horien artean dago gaur Zumaian zabalduko dutena. Erakusketa honek badu berezitasun bat, eta hauxe da: irudi guztiak Euskal Herriko zeruetan aterata daude. "Eta ez da erraza! Laino asko izateaz gain, argi kutsadura handia dugu Euskal Herrian. Erakusketa hau astroen argazkiekin osatu dugu. Ostarteak daudenean, saileko lagunak Berastegira joaten dira lanera. Kide batek Zaldibian duen behatoki batetik ateratako argazkiren bat eta Nafarroako Iso herrian ateratako besteren bat ere badaude erakusketan. Argazki gehienak begi soilarekin ikusi ezin ditugun objektuenak dira: planetak, ilargia, eguzkia…".
Lurra mugitzen ari den heinean, zeruan ikus daitezkeen elementuak ere aldatu egiten dira. "Iparraldeko izarrak hor izango ditugu beti, baina beste zeru guztia aldatzen doa, bai orduaren baita urtaroaren arabera ere. Badaude konstelazioak uda garaian edo neguan bakarrik ikus daitezkeenak. Erakusketan denetarik dugu, urtaro desberdinetan ateratako argazkiak jaso ditugu bertan".
Zeruan orientatzen
Erakusketaren aurreneko egunerako tailerra ere antolatu dute Aranzadikoek. "Zerua ezagutzen du tailer txiki honek izena. Planisferioak, zeruko mapak, emango dizkiegu joaten direnei. Zeruan orientatzeko erabiltzen dugun tresna da planisferioa. Horien bitartez zeruaren mekanika zein den azalduko dugu, edota zer diren konstelazioak eta nola mugitzen diren". Berez, familientzako tailerra izango dela adierazi du Garciak. "Normalean, haurrek gehiago dakite astronomiaz helduek baino. Txikitan denei gustatzen zaie gaia, baina gero ez gaitu hainbeste interesatzen".
Ikasitako dena hilaren 22an praktikan jartzeko aukera izatea espero du Aranzadiko kideak. "Egun horretan ilargi eklipsea izango da, eta irteera bat egiteko asmoa dugu hura ikusteko, aurrekotan egin izan dugun bezala. Ea oraingoan ostarteak diren eta ikusteko aukera dugun".