Kristau eskolen grebarekin bat egin du La Sallek

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 16a

Kristau Eskoletako langileek eta sindikatuek urteak daramatzate "lan hitzarmen duina" eskatzen eta protestak eta negoziaketak egiten. Joan den astean sindikatuek zortzi eguneko grebara deitu zuten, urtarrilaren 16tik, gaurtik, 25era bitartekoa. Urola Kostan, Zarautzen, Zumaian, Azkoitian eta Azpeitian daude Kristau Ekolak, eta aurreko egunetan batzarrak egin dituzte guztietan, grebarekin bat egin edo ez erabakitzeko.

Zarauzko La Salle ikastetxean asteartean batzardu ziren langileak. Erabaki zuten greba deialdiaren aurreneko eta azkeneko egunetan egitea bat protestekin. Alegia, gaur egin dute greba, Bilbon deituta zegoen manifestazioarekin bat eginez. Ikastetxeko etapa desberdinetako langile talde bat atera da kalera. Grebaren azken egunean, hilaren 25ean, ere greba egiteko asmotan dabiltzala azaldu dute.

Sindikatuek azaldu dute ikastetxeei exijitzen zaizkien zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" direla, baina hala ere, gutxieneko zerbitzu horiek La Sallen bermatuta egongo dira.

Antoniano Ikastetxeko langileek, berriz, grebarik ez egitea erabaki dute. HITZAri jakinarazi diotenez, "hitzarmena eguneratzearen aldekoak" dira ikastetxeko langileak, baina ez dute deitutako protestekin bat egingo, besteak beste, zalantzak agertu dituztelako hitzarmenaren negoziaketa mahaiak daraman bidearekin.

Beste herrietan grebarik ez

Zumaiena ikastetxean ere aste honetan izan dituzte bilerak, eta bozketa bidez erabaki zuten asteartean grebarekin bat ez egitea. Azpeitiko Iraurgi ikastetxean gaur egingo dute bozketa, baina jakinarazi dutenez, aste honetako egunetan ez dute bat egingo grebarekin. Azkoitiko Floreagan ere adierazi dute aste honetan, behintzat, ez dutela bat egingo eta langileak ohi bezala joango direla ikastetxera.

Gaur Bilboko kaleetara atera dira Euskal Herriko Kristau Eskoletako langileak, eta Urola Kostako itunpeko ikastetxeetan gehiengoak deitutako protestekin bat ez egitea erabaki badu ere, ELA sindikatuaren Hezkuntza arloak jakinarazi du grebak gaur %65eko jarraipena izan duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide