Beste urteetan azaroaren erditik urtarrila amaierara arte aritu izan dira anguletan Oriako angulariak. Orion hemezortzi lizentzia motordun dituzte, eta lehorreko ia 200. Unai Eizagirre Olatxo da ontziarekin ibiltzen denetako bat, eta HITZA-ri azaldu dio bizi duten egoera. "Zaplastekoa eman digute baina ez digute arrazoirik azaldu. Galdera zehatzak ditugu eta horien erantzuna nahi dugu", azaldu du garbi oriotarrak.
Larunbatean bilera egin zuten angulariek Orioko Salatxo aretoan, eta bertan izan ziren udaleko hainbat zinegotzi eta Jose Angel Zaldua Orioko alkatea. Eizagirrek kezka iturri diren gaiak jarri zituen mahai gainean: arrantzaren muga, lizentzia berririk ez ematea, uraren kalitatea, hegazti harrapakarien presentzia, eta angula ezin saldu izatea, besteak beste.
"Bilera honekin angulariak eta herria inplikatu nahi genituen, eta egoeraren berri eman medioei, azaldu guk zer nahi dugun. Eta guk nahi duguna da arrantzan jarraitu», azpimarratu du Eizagirrek.
Jarraipen hori ikusten dute arriskuan. Batetik, "lizentzia berririk ezin da egin. Ondo dago mugak jartzea, baina aita batek semeari zergatik ezin dio pasa bere lizentzia?". Bestetik, ez dute ulertzen zergatik murriztu duten astebetera angularen arrantza. "Guk ez dugu ikusten angula gutxiago dagoenik, ez da hori gure sentsazioa. Alderantziz, azken urteetan gehitzen ari dela ikusten dugu". Abenduan aritu dira astebetez, eta "baldintza txarrak" aurreikusita zeuden arren, "oso ondo joan da, asko hartu dugu bai hemen, bai Urolan. Harrituta gaude, baldintza txarrak zeudelako aurreikusita eguraldi aldetik-eta".
"Haserre" daude: "Ez dakigu zergatik ari diren hartzen erabaki hauek, eta nork hartzen dituen eta zertan oinarrituta".
Eizagirrek esan du orain arte "harreman onak" izan dituztela Eusko Jaurlaritzarekin. "Beti komunikazio ona egon izan da, baita lankidetza ere, eta ez dugu ulertzen orain jarrera hau". Angulariak prest daude arrainarekin Kofradiara joan, pisatu, dena kontrolatu eta gauzak ondo egiteko.
Oraingoz, biltzen jarraituko dute. Batetik, otsailaren 9an Orioko Salatxon elkartuko dira Gipuzkoako angulariak Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin eta Aztiko angula saileko arduradun batekin.
Bestetik, Oriako eta Urolako angulariek elkarte bat osatzeko asmoa dute, oraindik zehazteko puntu asko dituzten arren.
Ertz askoko gaiak
Eizagirrerentzat ez dira angulariak angularen egoeraren erantzule bakarrak. "Gu zigortu gaituzte, baina angula gutxitzen ari bada, faktore askorengatik da".
Esaterako, "azkenaldian ugaritu diren txori harrapakariengatik. Korbaran pila bat ikusten ditugu errioan, eta egunero bi kilo arrain behar dituzte bizitzeko. Horren aurrean egiten al da zerbait?".
Uraren kalitatea ere "oso txarra" dela uste du oriotarrak. "Errioan ikusten dugu nola dagoen ura, eta nola aprobetxatzen duten enpresek ur zikinak eta azidodun ura botatzeko eurite handiak daudenean. Usaintzen eta ikusten dugu hori guztia". Bere ustez, Urolan egoera okerragoa da oraindik. "Hango angulariek diote ibaitik gertu dagoen araztegitik gora ez dela angularik pasatzen. Desesperatuta daude".
Eizagirrek azaldu du beste toki batzuetan gobernuek erosten dutela harrapatzen den angularen %60a, gero hori berriz errioetan askatzeko: "Hemen ez da horrelako neurririk hartu".
Argi du angula harrapatzea arrantza baino zerbait gehiago dela. "Orion eta Euskal Herrian tradizio handia duen zerbait da; gure kulturaren parte da eta hori mantendu nahi dugu eta gure ondorengoei helarazi".