Eskuz Binakako Pilota Txapelketako bi partida jokatu dira joan den asteburuan eskualdeko bi frontoitan. Ostiralean Getariako Sahatsagan izan zituzten final laurdenetako ligaxkako partidak, eta bi egun geroago, igandean, Zumaiako Aitzurin.
Artola eta Mariezkurrena II.a batetik, eta Bengoetxea eta Imaz bestetik. Partida hori ikusteko aukera izan zuten ostiralean Getarian, goraino bete zen Sahatsaga pilotalekuan. Mariezkurrena II.a atzelaria izan zen partidan jaun eta jabe. Hasierako tantoetan akats gutxi batzuk egin zituen, baina hortik aurrera, atzeko koadroetan, dominatzailea izan zen. Artolak, berriz, eskua oraindik erabat osatu gabe du, eta tanto askotan bere atzelariari utzi zizkion lanak.
Partida uste baino errazago irabazi zuten Artolak eta Mariezkurrena II.ak. Norgehiagokaren lehen zatian berdinketak izan ziren, baina handik aurrera aldea zabaldu zuten gerriko urdindunek. Imazek kolpea hartu zuen partida amaitzear zela. Bi hormako bati erantzun nahian, harmailen lehen ilararen kontra joan zen. Besoan eta buruan kolpea hartu bazuen ere, partida amaitzeko gai izan zen. 11-22 emaitzarekin amaitu zen partida Artola eta Mariezkurrena II.aren alde.
Igande arratsaldean, berriz, Zumaiako Aitzuri frontoian jokatu zen ligaxkako partida. Zumaian lehen aldiz jokatu da txapelketako partida bat, eta ikusleek ez zuten hutsik egin. Harmailak bete egin ziren Zumaiako eta inguruko herrietatik joandako ikusleekin.
Partida ederra ikusteko aukera izan zuten beraratutako ia 700 ikusleek. Sasoi galantan dauden bi bikote izan ziren nor baino nor Aitzurin: Elezkano II.a eta Rezusta gorriz, eta Irribarria eta Zabaleta gerriko urdinarekin.
Partidaren hasieran Irribarriak bereak eta bi egin zituen aurreko koadroetan. Zabaleta atzelaria, berriz, seguru, oso seguru agertu zen. Gorrien aldetik, ordea, Rezustari kostatu egin zitzaion partidan sartzea. Horren ondorioz, eta ia konturatu gabe, 3-9 emaitzarekin jarri ziren urdinak aurretik. Elezkano II.a eta Rezusta ez zeuden, ordea, ezer oparitzeko, eta pixkanaka aldea jaten joan ziren. Rezusta atzean dominatzen jarri zen, eta Elezkano II.ak neurria hartu zion Irribarriari aurreko koadroetan. 11na berdindu ondoren, bi tanto geroago aurretik jarri ziren gorriak (13-12), eta hortik aurrera aldea handitzen joan ziren. Markagailuak 21-16 emaitza erakusten zuenean bazirudien partida amaitzear zela, baina urdinek erreakzio txiki bat izan zuten, eta bi tantora hurreratu ziren (21-19). Azken tantoan, baina, Irribarriaren ezker gantxoa zabalera joan zen eta han amaitu zen partida (22-19). Ikusleek txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten pilotariak.