Lasterka agurtu zuten ehunka lagunek amaitu berri den urtea eskualdean, eta modu horretara ekingo diote 2019ari ere. Izan ere, Urola Kostan hamaika proba antolatu dituzte datozen hilabeteetarako, eta San Silbestre probak baino maila altuagokoak izango badira ere, askotariko norgehiagoken artean aukeratzeko parada izango dute korrikalariek. Besteak beste, Kobaz Koba Trail, Aiako Mendi Lasterketa, Larraul-Ernio mendi lasterketa, Zumaiako Txakurkrosa, Zumaiako Herri Lasterketa, Mahasti Krosa eta Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia jokatuko dituzte eskualdeko txokoetan, eta izena eman daiteke horiek guztietan.
Urtarrilaren 27an, Zumaiako Txakurkrosa jokatuko dute, 11:00etan hasita. 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute 8,3 kilometro izango duen proban, eta horiek hilaren 26ra bitartean (herrikrosa.eus) nahiz egunean bertan eman ahal izango dute izena. Aurrez inskribatzen diren federatuek 15 euro ordainduko dute, eta federatu gabekoek 18 euro; egunean bertan egiten dutenek, berriz, 20 eta 23 euro ordaindu beharko dute, hurrenez hurren.
Otsailaren 10ean jokatuko dute Zestoan Kobaz Koba mendi lasterketa, eta ohi bezala, korrikalariek Artzei (15 kilometro) eta Zaldei (26 km) ibilbideak izango dituzte aukeran. 09:00etan eta 10:00etan hasiko dira lasterketak, hurrenez hurren, eta aurten izango du berrikuntzarik probak. Izan ere, lehenengo aldiz Barefoot kategoria ere txertatu dute lasterketara, eta horiek oinutsik edo oinetako minimalistekin lehiatu beharko dute. Bertan parte hartzeko, kirolprobak.com helbidean eman daieteke izena: ibilbide motzerako 15 euro ordaindu behar da, eta luzerako 25 euro.
Otsailaren 23an, bestetik, Zumaiako Herri Lasterketen txanda izango da. Hamar eta bost kilometroko ibilbideak prestatu dituzte hango udalak eta Zumea elkarteak, eta 15:45ean umeen probak jokatu ondoren, 17:00etan hasiko da helduena. Ibilbide luzea egiten dutenek 13 euro ordainduko dute, eta motza aukeratzen dutenek 11 euro. Aurrez, herrikrosa.eus helbidean eman behar da izena, eta egunean bertan, 12:00etatik 16:15era jarriko dituzte horretarako mahaiak.
Hurrengo egunean, berriz, Aiako VIII. Mendi Lasterketa jokatuko dute, eta aurreko urtean bezala, antolatzaileek 14,6 kilometroko ibilbidea prestatu dute Aiako mendi eta basoetan barrena. 10:30ean hasiko da lasterketa, herriko plazan, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, kirolprobak.eus atarian eman daiteke izena, otsailaren 22ko gauerdia bitartean. Era berean, egunean bertan ere eman ahal izango da.
Otsailean ez ezik, martxoan ere hamaika hitzordu izango dute korrikalariek. Izan ere, hilaren 10ean, Mahasti Krosa jokatuko dute Zarauzko Talai Berri txakolindegitik hasi eta inguruko mahastietan barrena. 18 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, baina gehienez 100 lagunek jokatu ahal izango dute. Beraz, interesa dutenek lehenbailehen eman beharko dute izena herrikrosa.eus webean, 12 eurotan.
Urtearen lehen hiruhilekoa amaitzeko, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko dute martxoaren 30ean. Aurreko urteetan bezala, proba motza ere jokatuko dute orduan, eta horiek martxoaren 28ra bitartean izango dute izena emateko aukera, www.rockthesport.com atarian. Korrikalariaren ezaugarrien eta izena ematen den dataren arabera, aldatu egingo dira prezioak, eta aurreko bi edizioetan parte hartu zutenek bi eta hiru euroko deskontuak izango dituzte.