Opariak jasotzeko eguna izango dute askok eta askok gaur, Errege Magoek Gabonetako ohiko bisita egin baitute eskualdeko txoko guztietara. Hain zuzen ere, opariak utzi aurretik, Erregeek kabalkadak egin zituzten atzo arratsaldean Urola Kostan, eta ilusioa eta emozioa piztu zuten Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ume nahiz helduengan.
Trenez, zaldiz nahiz itsasontziz iritsi ziren Errege Magoak eskualdeko herrietara.
Azpeitian, esaterako, aurten txu-txu trenean heldu dira herrira, eta Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian geldialdia egin ondoren, kabalkada hasi zuten 19:00etan. Azpeitian ez ezik,
Orion ere txu-txu trenean ibili ziren Erregeak, beti ere herriko ezaugarrietara moldatuta. Izan ere, traineru hori bat egokitu zuten trenean, eta kalez kale ibili ziren modu horretara.
Azkoitian, ohi bezala, "ekarriko" ohi eginez hartu zituzten Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hotzari aurre eginez, herriko kaleak goraino bete zituzten herritarrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar ikusteko, eta han bildutakoek gogo biziz eskatu zizkieten opariak Erregeei.
Zarautzen ere oihuka eta ilusioz beterik jaso zituen jendeak Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Haiek, irribarrea ahoan, zaldien gainetik herritarrei agur eginez eta gozokiak botaz egin zuten ibilbidea, apurka-apurka.
Getariako haurrak ere goxatu zituzten Hiru Erregeek, San Anton menditik jaitsita.
Zumaiara, berriz, itsasontziz heldu ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
Zestoan ere ez zuten hutsik egin Erregeek.
Herrigunean ez ezik, auzoetan ere izan ziren Errege Magoak, hala nola
Arroabean eta Arroa Goian. Ohiko desfileak egin zituzten hango kaleetan, guztien ilusioa sortuz.
Aizarnazabal ere ez zen salbuespena izan. Ohiturari jarraituz, Errege Magoen kabalkada egin zuten herrian, eta aizarnazabaldarrek gogotsu hartu zituzten Meltxor, Gaspar eta Baltasar.