Trakatan-trakatan, hiru erregeak

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 4a

Gabon garaiko ospakizunei amaiera emateko, Errege Magoak izango dira eskualdeko herrietan bisitan. Horrez gain, haien laguntzaileek edo Bizarzurik haurren eskutitzak jasoko dituzte.

Eskualdeko hainbat herritan izango dira Meltxor, Gaspar, Baltasar eta haien laguntzaileak. (Gorka Zabaleta) Gabon jaietako azken ospakizunak egingo dira egunotan Urola Kostako herrietan. Hiru Errege Magoen bisita izango da bihar; itsasoz, trenez, karrozetan... iritsiko dira aurten ere. Erregeen etorrera iragarriz, aurretik Bizarzuri edota erregeen postariak eta pajeak izango dira haurren gutunak jasotzera etorrita. Aian, Azpeitian, Getarian eta Zarautzen gaur jasoko dituzte haurren gutunak. Orion, berriz, bihar goizean izango da Bizarzuri, eta Azkoitian bihar arratsaldean egongo dira pajeak eliz atarian. Bihar arratsaldean, berriz, Errege Magoen etorrera eta kabalkadak egingo dituzte herriz herri. Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek gozokiak banatuko dituzte haien etorrerara joaten direnen artean. Azpeitian, esaterako, kalerik kale egingo duten ibilbidean zehar 600 kilo gozoki banatuko dituzte. Aurten, baina, aldaketa nabarmen bat izango da Azpeitian Errege Magoen iritsieran; izan ere, Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da, eta txu-txu trenean helduko dira Erregeak Azpeitira. Lasaora 17:00etan iritsiko dira, eta 17:30ean Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren aurrean izango dira. Errege Magoek parrokiako jaiotza ikusiko dute, eta bertaratzen diren haurrak agurtuko dituzte. Kabalkada, berriz, 19:00etan hasiko da, ohi bezala, igerilekuaren aurretik. Kalerik kale ibili ondoren, 20:00 aldean iritsiko dira horiek denak plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira Errege Magoak. Usadioari jarraituz, Azkoitian Errege Magoen kabalgadan "ekarriko, ekarriko!!" leloa nabarmenduko da haur eta helduen artean. Hemen eskualdeko egitaraua, osorik: URTARRILAK 4, GAUR Aia. 19:00etan, Bizarzuriren etorrera. Azpeitia. Errege Magoen pajeen bisita. Umeen gutunak jasoko dituzte 17:30etik aurrera, Sanagustinpean edo udaletxeko arkupeetan. Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta. Getaria. Bizarzuri Errege Magoentzako eskutitzak jasotzen ariko da, 18:30ean, herriko plazan. Zarautz. Bizarzurik ibilaldia egingo du herriko kaleetan zehar, Santa Ana egoitzatik aterata, 16:30ean. Lege Zaharren Enparantzan, 17:00etan, eskutitzak jasoko ditu. Eguraldi txarra eginez gero, Gaztelekuan. Zumaia. Erregeen pajeek gutunak jasoko dituzte Beheko plazan 18:00etatik aurrera. URTARRILAK 5, BIHAR Aia. 18:00etan, Errege Magoen Kabalkada herrian barrena. Aizarnazabal. Errege Kabalkada ospatuko da, 18:00etan Atari Soro frontoian. Azkoitia. 16:30ean, Erregeen pajeak eskutitzak jasotzen izango dira eliz atarian. - 19:30ean, Errege Magoen kabalkada izango da Azkoitiko kaleetan zehar, Santa Klaratik abiatuta. Plazan, Herodesen gaztelua bisitatuko dute, eta ondoren, eliz atarira iritsiko dira. Azpeitia. Txu-txu trenean helduko dira Erregeak Azpeitira. Lasaora 17:00etan iritsiko dira, eta 17:30ean Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren aurrean izango dira. Errege Magoek parrokiako jaiotza ikusiko dute, eta bertaratzen diren haurrak agurtuko dituzte. - Kabalkada 19:00etan hasiko da, igerilekuaren aurretik. - 20:00 iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira Errege Magoak. Getaria. Errege Magoen kabalkada herriko kaleetan zehar, 18:30etik aurrera. Orio. 11:00etan, Errege Magoen postaria. Bizarzuri aterako da Anibarko Portutik. Dikeko aldapa igo eta Goiko Kalea zeharkatu ondoren, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleak zeharkatuko ditu, eguerdian ibilbidea plazan amaituz. -17:00etan, Erregeen kabalkada herrian barrena. Karela kiroldegian bukatuko dute ibilbidea. Zarautz. 18:30ean, Erregeen kabalkada, Bizkaia kaletik abiatuta. Lege Zaharren Enparantzan Jesusi abestuko diote, eta Zaharren egoitzara joango dira. Zestoa. Errege Magoen kabalkada, 18:30etik aurrera. -Arroabean, 18:30ean tren geltokira iritsiko dira Errege Magoak, eta ondoren, umeen danbor hotsen laguntzarekin, Karmengo amaren elizara joango dira opariak ematera. Zumaia.  Itsasontziz helduko dira Hiru Erregeak, eta Ludotekatik abiatuko da kabalkada, 18:30ean. Herriko plazan, Jaiotzan eskaintza egin ostean, Ludotekan amaituko da. Aurretik, Erregeak Otezurin eta San Juan egoitzan egongo dira, gaixoak bisitatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide