Uzin Zumaiako herri plataformaren Zumaiako alkatetzarako hautagaia Patricia Camacho izango da

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 23a

Ostiralean, abenduaren 21ean, jakinarazi zuten Uzin herri plataforma aurkeztuko dutela Zumaian 2019ko udal hauteskundeetara

Patricia Camacho Uzin Zumaiako herri plataformaren datozen udal hauteskundeetarako alkategaia (Baleike.eus) 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara Uzin Zumaia herri plataforma aurkeztuko da; ostiralean, abenduaren 21ean jakinarazi zuten hori. "Benetako alternatiba"  gisa aurkeztuko da herri plataforma eta Patricia Camacho aurkeztuko dute Zumaiako alkategai. Hala adierazi du Zumaiako herri plataformako zerrendaburuak: "Ilusio askorekin eta gogotsu aurkezten naiz alkatetzara. Konbentzituta nago gauzak beste era batera egin daitezkeela. Herriak aldaketa eskatzen du, eta nire helburua  herritarren beharrak entzutea da". Uzin herri plataforma "politika egiteko modu berriak" landu nahi ditu. "Irekiak gara, eta herriko kolektibo eta norbanako guztiei entzuteko prest gaude. Blokeen politikak, tradizionalki alkatetzan egon diren alderdiek zuzendutakoak, kalte egin diote udalerriari, eta guk hobekuntzak ekarri nahi ditugu adostasunak lortuz", adierazi du herri plataformak. Azken udal hauteskundeetan izandako datua ere ekarri dute gogora. Orduan % 30eko abstentzioa izan zen, eta herri plataformaren iritziz, "horrek argi eta garbi erakusten du herritarrak ez daudela pozik Zumaian egiten denarekin". "Herriarentzako alternatiba, aldaketa eta berrikuntza" ekarriko duela adierazi du Zumaiako herri plataformak. "Gure helburu politikoak Zumaian hasi eta bukatzen dira. Ez dugu kanpora begirako beste interesik. Horregatik, herritarrek beste edozein hauteskundetan gainerako alderdiei botoa eman diezaiekete. Uzin Zumaia definitzen duen ezaugarrietako batzuk dira zeharkakoak eta independenteak garela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide