Munduko Pilota Batzarrak abenduaren 13an aurkeztu zuen Zumaiako Aitzuri pilotalekuan zesta-puntako Banakako Jai Alai World Tourra. 2007. urtetik jokatzen den txapelketa da hau, baina lehendabiziko aldiz jokatuko dute Zumaian. «Munduko Pilota Batzarretik oso pozik gaude Zumaian egotearekin. Aurten, herri honetan emango diogu bukaera denboraldiari, eta harro gaude orain arte egindako lanarekin. Denboraldia oso ondo joan da, eta ongi amaitu nahi dugu. Datorren urteari begira ere, horrela mantentzeko nahia dugu, eta ahal bada, hobetu», adierazi zuen Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak aurkezpen ekitaldian. Aurreko urteetatik alderatuta, frontoi luzera itzuli da zestapuntako Banakako txapelketa, eta hiru jaialdik osatuko dute. Lehenengoa abenduaren 15ean jokatu zen. Bertan, final-laurdenetako bi partida jokatu zituzten: Aimarren eta Arberen artekoa, eta Olharanen eta Olharen artekoa.
Aurreneko partidan Aimar izan zen garailea, eta finalerdietan Goikoetxea izango du aurkaria. Bigarrengo final-laurdena, berriz, Olhak irabazi zuen, eta hurrengo norgehiagokan Lopez izango du aurrez aurre. Zesta-puntako finalerdietako jaialdia bihar bertan jokatuko da Aitzuri pilotalekuan, 19:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Aitzuri pilotalekuko tabernan eta Zumaiako Lubaki kiroldegian, 10 euroan. «Guretzat, herrian bi pilotari esanguratsu izanda, oso garrantzitsua da horrelako txapelketa bat bertan jokatzea. Ea zumaiarren arteko final bat ikusteko aukera daukagun», aipatu zuen Gotzon Enbilek txapelketaren aurkezpenean.
Gabonetako desafioa
Banakako Jai Alai World Tourra nahikoa ez, eta Gabonetako desafioa jokatuko dute gaur egun zesta-puntan ibiltzen diren lau pilotari onentsuenek: Iñaki Osa Goikoetxea, Imanol Lopez, Eric Irastorza eta Mikel Egiguren. Desafioa Euskal Herriko bi frontoi handienetan jokatuko dute. Joaneko jaialdia Gernikako (Bizkaia) Katedralean larunbat honetan, 21:00etan hasita. Itzulerako jaialdia, berriz, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Campos Berri pilotalekuan izango da abenduaren 27an, 18:00etan hasita.
Lehen aldiz neurtuko dira Osa Goikoetxea, Lopez, Irastorza eta Eginguren puntistak Atlantikoaren alde honetan. Goikoetxeak eta Irastorzak Miamiko (AEB) garaitik ezagutzen dute elkar. Aurten, Miarritzeko Urrezko Eskularrua eta Zumaiako Masterra irabazi dituzte. Egigurenek eta Lopezek ere bikote indartsua osatzen dute. Jai Alai World Tour, binakako txapelketa eta Hondarribiako Masterra irabazi dituzte elkarrekin.