Bikain ziurtagiriak jaso dituzte Zestoako Udalak, Abelurrek eta GKN Driveline-ek

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 19a

Goi mailakoa eskuratu dute aurreneko biek eta tarteko mailakoa Zumaiako enpresak. Atzo banatu zituen Eusko Jaurlaritzak aurtengo euskararen kalitate ziurtagiriak, Gasteizen.

2018ko Bikain ziurtagiriak jaso dituzten erakunde eta enpresatako ordezkariak beren ziurtagiriekin, atzoko ekitaldian. (UEMA) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen eta aitortzen duten Bikain ziurtagiriak banatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak. Hamargarren aldiz banatu ditu aurten ziurtagiriok Hizkuntza Politika Sailburuordetzak (HPS). Guztira, 20 erakundek eta enpresak jaso zituzten atzo, Gasteizko Europa Jauregian, beren ziurtagiriak, eta horien artean zeuden Urola Kostako hiru: Zestoako Udala, Azpeitiko Abelur Kooperatiba Elkartea eta Zumaiako GKN Driveline enpresa. Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo eta barne harremanak, eta hizkuntza kudeaketa kontuan hartzen dituen kanpo-ebaluazio baten ondoren, hiru mailatako ziurtagiriak banatzen dituzte: oinarrizkoa, tarteko mailakoa eta goi mailakoa. Zestoako Udalak eta Abelurrek goi mailako ziurtagiria eskuratu dute, Urrezko Bikain deritzona; eta tarteko mailakoa edo Zilarrezko Bikain, berriz, GKN Driveline-ek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide