Mikel Fernandez de Arroiabe: "Txikipediarako lanean ikasleek sinplifikatzen ikasten dute"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko abe. 19a, 10:12

Zumaiako institutuko zientzia departamentuan Txikipediarako proiektu bat garatu du bertako biologia irakaslea den Mikel Fernandez de Arroiabek. Lehen hiruhilekoaren amaieran 14 artikulu argitaratu dituzte sarean. Zer da Txikipedia? Haurrentzako euskarazko entziklopedia askea da. Wikipedia modukoa da, baina 8-13 urte bitarteko haurrei zuzendua. Nondik nora sortu zaizue Txikipedia garatzeko ideia? Haurrak Wikipedia erabiltzen hasi zirenean konturatu ginen informazio ulertzeko zailtasunak zituztela. Ondorioz, artikulu horiek guztiak haurrentzat egiteko behar bat ikusi genuen. Behar hori gainera, ez da Euskal Wikilarien elkartetik bakarrik ikusi. Europan ere garatu dira beste hainbat proiektu. Noiztik dago Txikipedia martxan? 2018ko apiriletik dago abian. Aurretik, Europa mailan, Vikidia izeneko proiektu bat hasi zuten. Batez ere Frantzian garatu zen eta euskaraz ere egin genuen, baina Wikipediatik kanpo zegoen web orrialde bat izanda, inor gutxik ezagutzen zuen hori. Orain, Txikipedia Wikipedian integratu dugu, baina Vikidia ere irekita dago eta hor egindako lanak eskuragarri jarraitzen du. Zenbat artikulu ditu gaur egun Txikipediak? Euskarazko Wikipediak 309.000 artikulu inguru ditu, eta Txikipediak, berriz, 1.300. Poliki-poliki ari gara elikatzen. Nola bururatu zitzaizuen Zumaiako Institutuan proiektu hori garatzea? Txikipedia bultzatzeko asmoz, ikasleekin zerbait egiteko ideia bururatu zitzaidan. Aurreko ikasturtean, batxilergoko lehen mailakoekin, saiakera bat egin nuen, eta biologia-geologiako 33 artikulu idatzi genituen. Ondo irten zen, eta ikasturte honetan zerbait handiagoa lantzea pentsatu nuen. Zientzia mintegiko irakasleei kontatu nien ideia, gustatu, eta batxilergoko lehen mailan ematen ditugun anatomia, fisika-kimika eta biologiageologia irakasgaietan Txikipediarako artikuluak egiteko lau saio hartzea pentsatu genuen. Zein funtzionamendu duzue? Lehenengo eta behin irakasleei formakuntza bat eman nien. Wikipedian artikulu bat argitaratzeko arau batzuk bete behar dira, eta Txikipediak ere bereak ditu: esaldi motzak eta ulerterrazak idatzi… Lehen hiruhilekoan anatomia gaia hartu dugu. Ikasleek, bikoteka jarrita, bina artikulu idatzi dituzte. Guztira, hezurrei buruzko hamalau artikulu egin dituzte. Bigarren hiruhilekoan fisikakimikakoak egingo ditugu, eta hirugarrengoan, biologia-geologiakoak. Ikasturte amaieran 60 bat idatzita izatea aurreikusten dugu. Ikasleek nora jotzen dute informazioa biltzeko? Informazio iturri naturala Wikipedia bera da, azkenean horri lotutako artikulu bat egin behar dutelako. Baina, noski, beraiek ikasgelan ikusten ari diren gaiarekin zerikusia izaten ere saiatzen gara. Ikasleentzako ariketa ona al da Txikipediarako artikuluak idaztea? Bai, zalantzarik gabe. Sinplifikatzen eta eskemak egiten ikasten dute ikasleek. Gainera, kontzeptuak hobeto ulertzeko bide bat da. Horrez gain, Wikipediak sustatzen dituen baloreak ere lantzen dira. Horietako bat da auzolana. Azkenean, artikulu bat abiatzen dute ikasleek, eta gero, edonork aldatu edo hobetu dezake betiere izpiritu konstruktibo batekin. Zer inplikazio erakutsi dute ikasleek? Jarrera ona dute, eta beraiek idatzitako artikuluak sarean ikusteak harritu egiten ditu. Durangoko Azokan aurkeztu zenuen proiektua. Nolako esperientzia izan zen? Abenduaren 7an, Durangoko Azokako Kabia gunean, Txikipediaren arduradunek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta Zumaiako Institutuan egiten ari garena aurkezteko eskatu zidaten. Entzuleen artean ziren Joxerra Etxeberria fisikaria eta Kepa Sarasola UEUko zuzendaria, eta asko gustatu zitzaien egiten ari garena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide