Amaitzear den urteko balantzean, egindako hiru lan nabarmendu zituzten: udalerri euskaldunen prebentziotik garapenera eman beharreko urratsak biltzen dituen txostena, udalerri euskaldun eta turistikoetan bisitariei euskararen inguruan egindako azterketa, eta eragin linguistikoak azken urtean izan duen ibilbidea eta zabalkundea.
2019rako egitasmoen artean, berriz, UEMAren ohiko bost ildoen baitan aztertu eta onartu dituzte hurrengo hilabeteotako lanerako ildo nabarmenenak.
· Udalerri euskaldunen lurgunea osatzea: UEMAra sartu daitezkeen herriekin egin beharreko lanaz gain, maiatzeko hauteskundeen ondoren agintaldi berriko udalbatzekin eta udal ordezkari berriekin UEMAren nondik norakoak eta UEMAren lana ezagutaraztea.
· UEMA erakunde gisa sendotzea: hainbat lan ildo izango dira 2019an. Hainbat erakunde publikok udalerri euskaldunen garrantzia ikusarazteko elkarlanean egingo duten komunikazio kanpaina, elkarlana gainerako erakundeekin, eta sortuko diren udal eta aldundi berriekin harremanak eta hitzarmenak.
· Udalen eta udalerrien euskalduntzea: udalen erabateko euskalduntzeko bitartekoekin eta planekin lanean jarraitu, udalerrietako diagnostikoak osatu, zerbitzu sektorea euskalduntzeko kanpainak eta formakuntza saioak, etorri berriekin bereziki landu beharrekoak, eta abar.
· Herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea: sektorekako tailerrak eta trebakuntza saioekin jarraitzea, eta UEMAren hezkuntza proiektua sendotzea, bai hezkuntza arautuan (ikastetxeetan) eta bai eremu ez arautuan (gazte topaketak).
· Udalerri euskaldunen zaintza eta garapena: zaintzarako eta babeserako bitartekoak garatu (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa: zabalkundea), eta garapenerako urratsak eman, zeharlerrotasunez.