Hitza, barre eragiteko tresna bakar

Gipuzkoako HItza 2018ko abenduaren 14a

Gaur iluntzean, Donostia Hiria Comedy bakarrizketa lehiaketaren finala ikusteko aukera izango da Tabakaleran, Kutxa Kultur klubean. Ikusleekin konexioa lortzea izango dute helburu hiru finalistek. Telmo Irureta zumaiarra da finalistetako bat. 'GipuzkoakoHitza'-k osatutako erreportajea da honakoa.

Telmo Irureta aktore zumaiarra. (Urola Kostako Hitza) Agertoki huts bat, eta dozenaka begi oholtza gainean dagoen pertsona bakar horri begira. Ez ileorderik, ez makillaje berezirik, ez mozorrorik… hitza da bitarteko bakarra parean daudenei barrea eragiteko. Barrea eragitea negarra eragitea baino zailagoa dela diote gehienek, baina horretan gogotik saiatuko dira, gaur gauean, Donostia Hiria Comedy bakarrizketa lehiaketaren finalera iritsi diren hiru umoregileak: Telmo Irureta zumaiarra, Jon Martinez Txiki donostiarra eta Auritz Zabaleta irundarra. Azaroaren 21ean eta 22an egin zituzten sailkapen saioak, Donostiako Dabadaba aretoan, eta finala jokatuko dute gaur, 20:30ean, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean. Aitor Nabarrok hogei urte baino gehiago daramatza oholtza gainera igo eta, era batera edo bestera, umorea egiten. Antzerkia, dantza, bakarrizketak… denetarik landu du, agertokiaren gainean normalki; baina antolatzaile lanetan ari da oraingoan. Berak eta Laura Muñoz bere bikotekide artistikoak antolatu dute Donostia Hiria Comedy. Nabarro eta Muñoz duela bizpahiru urte hasi ziren elkarrekin lanean, Ultramarinos kultur taldean, eta ia aldi berean sortu zitzaien dantza eta antzerkiarekin lotutako lehiaketa bat antolatzeko ideia. “Gure hasierako asmoa ez zen bakarrizketa lehiaketa bat antolatzea. Kale antzerkia eta dantza uztartuko zituen zerbait egiten ahalegindu ginen, baina oso zaila zela ikusi genuen; zailtasun handiak jarri zizkiguten”. Behin-behinean ideia baztertzea erabaki zuten, baina ez zuten etsi. Tabakaleran ikuskizun pare bat egin dute aurten bikote gisa. “Kutxa Kultur Klubean hankatxoa sartzea lortu genuen, eta, jada ezagutzen gintuztenez, pentsatu genuen une egokia zela gure proposamena egiteko. Bakarrizketa lehiaketa egitea proposatu genuen, eta oso harrera ona egin zion jendeak”. Berehala jarri ziren martxan. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide