Bideoa: Labarren bila zebilen kotxe bat erreskatatu dute baserritarrek Zumaian

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko abenduaren 10a

Berriro gertatu da. Beste kotxe bat atera behar izan dute baserritarrek Andikaerrekatik traktorearen bitartez. Labarren bila zebiltzan turistak izan dira oraingoan ere.

Behin eta berriro ari dira errepikatzen halako gertaerak. Turistek 'Acantilados Flysch' sartzen dute nabigatzailean eta GPSak pista eta bidezidorretatik bideratzen ditu, oker. Azaroaren 12an izan zen halako gertaera bat eta gaur, hilabete eskas ondoren, berriro errepikatu da. Arritokietatik gora joanda, Santa Klarako bidegurutzea eta Agerre baserriak atzean utzita, Andikarako zabalera iritsi baino lehen bidegurutzea dago eskuinaldera, Iturtxo aldera. Gurdibidea da hasieran eta estutu egiten da aurrerago. Baserritarrez gain, ibiltariek asko erabiltzen duten bidea da, Algorri eta Elorriaga lotzen ditu eta. Ez da, inolaz ere kotxez ibiltzeko moduko bidea. Gehienetan garaiz ohartzen dira hura ez dela bide egokia eta atzera egiten dute, baina tarteka izaten da ezusteren bat. Gaur ere gidariak aurrera egin du eta atzera egin ezinik geratu da. Aurrekoan bezala, traktorearen bitartez atera behar izan dute turisten autoa. "Gero eta kotxe gehiago dabiltza hemen eta inork ez du ezer egiten. Ez da ateratzen dugun lehen kotxea. Bati baino gehiagori lagundu behar izan zaio. Udan, lotara ere etortzen dira, kanpina jartzen duten gure zelaietan, eta inork ez du kontrolatzen", kexatu zen azaroan Santa Klarako Maite Manzisidor. Neurriak hartzeko eskatzen diete baserritarrek Udalari. https://youtu.be/g-99YhZDOC0  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide