Hispanitatearen Egunean Azpeitian egindako Herri Eskoletako argazkia.
Urola Kostako hainbat herritako ikasle taldeek Herri Eskolak egingo dituzte bihar, Espainiako Konstituzioaren Egunean. Zenbaitentzat jaieguna da biharkoa, baina ez ikasle taldeentzat. Horregatik, abenduaren 6a "jaiegun arrotza" dela iritzita, antolatu dituzte Herri Eskolak biharko. Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian egingo dituzte "jaiegun arrotzak desobeditzeko" jardunaldiak. Herri Eskoletara animatzen diren ikasleek formakuntzarako tartea hartzeko baliatuko dute biharko eguna, eta denetariko ekintzak egingo dituzte egunean zehar, hala nola hitzaldiak, jolasak, eztabaida saioak eta dokumental emanaldiak.
Herriz herri prestatutako egitarauak:
Azpeitia
Azpeitiko Ikasle Taldeak deituta, 10:00etan elkartuko dira Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Ondoren,
Faxismoa XXI. mendean hitzaldia eskainiko dute. Bertan, faxismoak historian zehar izan duen indarraz eta jokatu duen rolaz arituko dira solasean. Horrez gain, "faxismoa hartzen ari den forma berriak" izango dituzte hizpide goizean zehar. Behin solasaldia amaituta eta eztabaidarako tartea hartuta, bazkaria egingo dute Gaztetxean, 13:30 aldera.
Azkoitia
Azkoitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak antolatuta, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan egingo dituzte Herri Eskolak, 10:00etatik aurrera. Aurrena, sozialismoaz arituko dira solasean. Horretarako,
Zer da sozialismoa? izeneko hitzaldia prestatu dute IAko kideek. Ondoren, esperientzietatik abiatutako tailer praktikoa egingo dute, hezkuntza sisteman dauden arazoak identifikatzeko eta ikasle mugimenduaren borrokak ezagutzeko.
Zarautz
Goizetik eguerdira bitarteko egitaraua prestatu du herriko ikasle eta gazte talde batek biharko. Eguraldiaren arabera zehaztuko dute Herri Eskolen lekua. Ateri egiten badu Frontoi Txikian egingo dituzte eskolak. Euria egitekotan, berriz, Putzuzulo gaztetxean. Palestinaren inguruko hitzaldi batekin ekingo diote prestatutako ekintzei, 09:30ean. Ondoren, 10:45 aldera, Espainiako Konstituzioaz eztabaidatuko dute, solasaldi formatuan. Hori amaitzean, 12:30ean, jolasak egingo dituzte, eta bazkariarekin amaituko dituzte Herri Eskolak.
Zumaia
Zumaiako Herri Eskolako Anabasa ikasle taldeak hainbat jarduera prestatu ditu biharko. Eskola orduetan elkartuko dira institutuan, eta eguna hasteko jaiegun arrotzen kontrako pankartak egingo dituzte. Ondoren, Espainiako Konstituzioa landuko dute, bideo-dokumental batez lagunduta. Hamaiketakoa ere prestatuko dute Herri Eskoletara animatzen diren ikasleentzat.